Sarek sare sozial, sindikal eta politikoaren inplikazioa eskatu du
Kepa Arronategi etxera ekartzea urgentziazko gaia dela esan du plataformak
Gaixo dauden presoen eskubideak errespetatzeko eta horiek etxera ekartzeko eskatu dute. Gernika-Lumoko Sarek deituta, giza-katea egin zuten bariku arratsaldean. Kepa Arronategi preso gernikarraren egoera salatu eta etxera ekartzea urgentziazko gaia dela esan zuten ekitaldi amaieran manifestua irakuri zuten Leire Enbeita eta Txabi Txakartegi medikuek. Salbuespen egoerarekin amaitzeko eskatu du beste behin Sarek, “bitartean, larri gaixo dauden presoak heriotzera zigortuak izaten ari direlako”.
Beraz, presoen eskubideak errespeta ditzatzen eskatzeko, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza beharrezkoa dela esan zuen Sarek. Baina baita norbanakoena ere, “espetxea gure gizartearen parte denetik, guztion ardura delako larri gaixo dauden presoek bizi duten muturreko egoera”.
Gaur egun gaixo dauden 21 preso dituzte espetxeetan, eta horietako bat da Kepa Arronategi. Gogorararazi zutenez, 21 urte daramatza kartzelan, “lehenengo graduko erregimen zorrotzean, bizi baldintza eskasekin, sakabanatuta eta familia ingurutik urrunduta”. Urte guzti horietan hainbat presondegi ezagutu ditu, eta horrek guzti horrek Arronategiren osasunean eragina izan duela esan zuten medikuek. Preso gernikarraren egoera “espetxe politika ankerra” aplikatzearen ondorioa dela nabarmendu zuten.
Duela hilabete batzuk Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxera lekualdatu dute Arronategi, eta bere egoerak hobera egin duen arren, etxean beharko lukeela nabarmendu zuten Enbeitak eta Txakartegik.
Egoera onartezina. Ehunka lagun bildu ziren Sarek deitutako giza-katean. Salbuespeneko espetxe politikak eta espetxeetako osasun baldintza kaxkarrek gaixo dauden presoen osasun egoeran eragin negatiboa dutela ere esan zuten kalejiraren ostean Merkurio iturrian egin zuten ekitaldian. “Osasuna pertsona denei dagokien eskubidea da , eta espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen”, adierazi zuten bi medikuek, eta azpimarratu zuten onartezina dela segurtasun politiken aitzakipean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzea. Hala, euskal presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eskatu zuten, konponbidearen eta bakearen alde pausoak emateko.