Etxeko azken partidua 6-2 irabazi du Gernika FS taldeak
Ligako azken aurreko partidua jokatu dute gaur, eta hirugarren mailara jauzia zein ligako txapeldun izatea ospatuko dute, Astran.
Etxeko azken partidua eta Euskal Ligako azken aurreko partidua jokatu du Gernikako Lagunak taldeak, eta zapore onarekin agurtuko dute denboraldia. Sestaoren kontra lehiatu duten partidua 6-2-ko emaitzarekin amaitu da gaur, Santanapen. Denboraldia amaitzeko azken partiduaren faltan, ligako txapeldunak dira gernikarrak, eta goi-goitik ospatzeko jaia egingo dute gaur, Astran. Pintxopotean elkartu dira lehenengo, eta jokoren bat edo beste ere egin dute. Gaua, berriz, musikak lagunduta emango dute. TPR the Return dj-ak jarriko dio doinua jaiari. Lagunartean pasatu gura dute gaurko gaua, eta jaialdian batzen duten dirua hurrengo denboraldira begira etor daitezkeen gastuei aurre egiteko baliatuko dutela aurreratu dute.
Taldeko kide beteranoena da Iñigo Valencia, eta Gernika FS hirugarren mailari eusteko gai ikusten du. “Bai ni zein ekipoko beste zenbait kategoria horretan jokatu dugu. Aurten, gainera, aurredenboraldian hirugarren mailako taldeen kontra jokatzeko aukera izan dugu, eta ez gara inor baino gutxiago izan”. Valencia kontziente da taldeak lan egin beharko duela, eta partiduak ondo prestatu beharko dituela, baina, dioenez, kategoria bat gorago ere taldeak behar besteko maila erakusteko gai da. Etapa berri horretan herritarrak ondoan izatea polita litzatekeela esan du. “Azken partiduetara jende gehiago etorri da animatzera, eta animatu nahi dut jendea partiduak ikustera joan daitezen. Kirol intensoa da, eta merezi du ikustera joateko. Gainera, taldean Gernikako eta Gernika inguruko jendea dago jokatzen”, esan du.
Lagunarteko giroa. Aurten taldean sortu den giro ona liga irabazteko gakoa izan dela uste du Valenciak. “Beste talde batzuetan jokatu dut, eta Gernika Futbol Sala taldean ere denboraldi asko egin ditut. Aurten izan dugun giroa apartekoa izan da, eta horrek asko lagundu du konfiantza sortzen”. Denboraldi hasieratik goiko postuetan egoteak ere lagundu izan du, baina Valenciak dio goian mantentzeak taldekideen arteko harreman estuak egin duela posible.
Jokalarien lana goraipatu ere goraipatu du, eta azpimarratu du talde teknikoak ere asko lagundu duela 2018-2019 denboraldia borobiltzen. “Bai entrenatzailea zein delegatuak lan handi egin dute, asko lagundu dute eta eskerrak eman behar dizkiegu”.
Gaurko ospalkizunaren ostean, denboraldiko azken partiduari begira izango dira gernikarrak. Tolosala-Iurre Tolargi taldea izango du aurkari hurrengo asteburuan, eta sailkapenaren gorengo postutik agurtuko dute Liga.