Mundakarren galderak erantzun ditugu gaur
Mundakako Eskolan egon gara goizean Busturialdeko Hitzaren kazetariak. Elkarrizketa landu dugu umeekin, eta gaurko egunkaria aztertu dugu.
Noiz sortu zen HITZA? Zelan lan egiten duzue? Zelan egiten dituzue albisteak? Nondik jasotzen duzue informazioa? Zenbat ale kaleratzen dituzue? Galdera horiek eta beste hainbat erantzun ditugu gaur, Mundakan. Horrela, Busturialdeko Hitzari buruz informazio gehiago jakin, eta bide batez elkarrizketa bat egitea zer den ikasi dute.
Mundakako Eskolako LH 3. eta 4. mailetako ikasleekin batu gara. Egunkariari buruz zein kazetaritza lanari buruz interesa daukatela erakutsi dute, eta adi-adi entzun dituzte kazetarion azalpenak. Galdera batzuk aurrez prestatuta eduki dituzte, baina, solasaldian burura etorri zaizkienak ere egin dituzte. Gustura erantzun ditugu denak eta euren parte hartzea eskertu dugu.
Egunkariaren zein webgunearen ezaugarri nagusiak zeintzuk diren ikasi dute, eta gaurko albisteak, elkarrizketak eta erreportajeak aztertzeko ere aprobetxatu dute saioa.
Hurrengoak, Gernika-Lumon. Ikasturteko bigarren hiruhilabetea amaitzear dute, eta ikasturte amaieran beste bi saio egingo ditugu Gernika-Lumon. Hain zuzen, Allende Salazar Herri Ikastetxean eta San Fidel Ikastolan egongo gara ikasturteko azken hiruhilekoan.