Hegaztiak, Urdaibaiko biosferako altxorrak
Luis Silva argazkilari naturalistak ‘Urdaibaiko itsasadarreko hegaztiak’ bilduma jarri du ikusgai, Ekoetxea Urdaibain. 42 argazkitan, biosfera erreserbak bere baitan hartzen duen biodibertsitatea islatu du
Urdaibaiko Biosfera Erreserbak altxor ugari gordetzen ditu bere lurretan. Gune naturalak balio arkeologiko eta historiko handiko aztarnategiak, geografia berezia eta aparteko flora eta fauna batzen ditu.
Bertan bizi diren 45.000 biztanleek biosferaren garrantzia eta hura zaintzeko beharra zelakoa den argi badaukate ere, askotan inguruan dituzten berezitasun horiek zehazki zeintzuk diren ahaztu egiten dituzte; batez ere, ikusi ere ez dituztelako egiten edota, beste batzuetan, hainbestetan ikusi ondoren normaltzat jotzen dituztelako.
Horren adibide ezin hobeak dira, esate baterako, Urdaibaiko hegaztiak. Biosfera erreserba Hegaztien Babeserako Zona Berezien programan dago 1994. urtetik. Europa mailako programa horrek hegaztien habitata zaindu eta haiek babestea bermatzeko balio du. Ez da gutxiagorako. Biosferako animalien artean, hegaztiek osatzen dute talde nabarmen eta bereziena.
200 hegazti. Izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan hegaztien biodibertsitate mailarik altuena dago. Urdaibai Pirinioen eta Kantauri itsasoaren artean egonik, hegazti migratzaile mota desberdinen igarobidea da. Horri esker, urtean ia 200 hegazti espezie inguru ikusi daitezke biosfera erreserban.
Horrenbeste hegaztiren artean, nabarmentzekoak dira mokozabal zuria, arrano arrantzalea, zankaluzea, kuliska zuria, abozetak, txirri eta txirritxoak, martin arrantzaleak, txenadak, edota zuhaitz-belatza. Espezie ezagunak batzuentzat, ezezagunak besteentzat. Hala ere, hegazti horietako asko ikustea benetan zaila izaten da. Hegaztiak oso mesfidatiak izan daitezke, eta kontu handiz aritu beharra dago ezagutu gura izanez gero.
Are zailagoa da, beraz, horiek argazki kameragaz harrapatzea. Hegaztiaren arabera, objektiboan jartzea lortzea egun askoko lana izan daiteke, aldez aurretik prestakuntza zehatz bat duena.
Prestakuntza hori egin eta kamera eskuan hartuta hegaztiei argazkiak ateratzea da Luis Silva argazkilari naturalistaren zaletasuna. Silva Busturian bizi da; hori dela eta, Urdaibaiko padurak oso ondo ezagutzen ditu. Lagunekin batera aritzerakoan jaio zitzaion argazkilaritzarako daukan zaletasuna, “duela 20 urte inguru”.
Orain, Urdaibaiko itsasadarreko hegaztien argazki bilduma jarri du Madariaga Dorretxean dagoen Ekoetxea Urdaibai zentroan. Erakusketan 42 hegaztiren argazkiak batu ditu, baita biosfera erreserbako paisaiak erakusten dituzten beste zortzi irudi ere. Urdaibain aurki daitezkeen hegaztiak publiko orokorrari helaraztea da Silvaren helburua.
Inguruko hegaztiekin harreman estua dauka argazkilariak, eta behin baino gehiagotan Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerregaz elkarlanean aritutakoa da.
Prestakuntza. Edozein motatako animalia basatiei euren habitatean argazkiak ateratzea zerbait berezia dela dio argazkilariak. Aldez aurreko prestakuntza bat eskatzen du, baita zorte ona edukitzea ere. Argazki kameragaz batera, kamuflatzeko kanpin-denda beharrezkoa du Silvak. Horrez gain, pazientzia edukitzea ere ezinbestekoa da.
Hegaztiengandik hurbil egon ahal izateko goizetik aritzea derrigorrezkoa dela dio Silvak. Ondo kokatuta egon behar du argazkilariak, bere presentziaz ez ohartarazteko. Kamuflatzea beharrezkoa du, baina kanpin-denda bera ere arrotza izan daiteke hegaztiarentzat.
Horregatik, askotan aldez aurretik kanpin-denda kokatzea beharrezkoa izaten da. Inoiz bidoi edo kaxa bat ikustearren hegaztiek ihes egin diotela aitortzen du: “Ezinbestekoa da arreta handiz ibiltzea”. Kasu batzuetan, uroilandagaz, esate baterako, argazki on bat lortzeko asteetan jarraipen bat eman behar dio hegaztiari, “oso mesfidatia baita”.
Hala ere, antolaketa guztiak ez du ezer balio zorte txarra izanez gero. Eguraldiaren edota eguzkiaren kokapenaren ondorioz ere hainbat argazki zaborretara bota behar izan ditu Silvak. Dena dela, gogo handiz hartzen du zaletasuna, eta pazientzia izateak sariak ere badakartzala dio.
Urdaibaiko itsasadarreko hegaztiak erakusketa uztailaren 14ra arte egongo da ikusgai, Ekoetxea Urdaibain, eta sarrera doakoa da. Ez da Silvak jarri duen erakusketa bakarra. Izan ere, Muruetako Udalbarri aretoan ere beste hamalau argazkiko erakusketa bat ipini du, “hilabete inguru” iraungo duena. Horiekin batera, Urdaibai Bird Centerren ere hamalau hegazti mota biltzen dituen erakusketa iraunkorra dauka argazkilariak.