Aiton-amonen begiradetan gordetakoa
'Antzinako Gernika. 1937' erakusketa ipini du ikusgai Julen Munitis gernikarrak. Bonbardaketak suntsitu aurreko bazterrak erakusten ditu bere margolanetan.
Bakarkako hirugarren erakusketa ipini du Julen Munitis artista gernikarrak, herrian bertan. Kultur Etxean dago ikusgai Antzinako Gernika. 1937, apirilaren 30a bitartean.
Nagusien gogoan gordetakoa eta sasoi horiek liluratzen dute artista, eta urte haietako Gernika da oraingoan erakutsi gura izan duena: aitita-amamen begien aurrean suntitu zuten Gernika hura. 51 margolan eta mural bat batzen ditu kultur etxeko erakusketa aretoko bildumak. Akuarelaz egindako lanak dira gehienak, eta oleo teknikarekin margotutakoak dira horietatik lau.
Lan koloretsuak, bizimoduaren normaltasuna nabari da horietan. Gernikako kaleak, txokoak, jendez beteta erakusten ditu Munitisek bere lanetako askotan, bonbek eta garrek utzitakoaren antitesia. Margolariak berak azaldu bezala, “gure errekak duen joan-etorri geldoaren antzeko egunerokotasun motela zuen sasoi hartako Gernikako bazterrik kutunenak”, eta hori da erakutsi gura izan duena: “bonbardaketak suntsitu zituen arteko bazterrak”.
Gernika-Lumoko eraikinak, antzinako kaleak, Gernikako eta gernikarren ohiturak… islatzen dituzte margolanek. Foru plaza, Pasealekua, San Juan kalea, Eria, Txorraburu, Errenteriko Mertzede kalea eta Mertzedeko komentua, Ajangizerako bidegurutzea… 1937ko apirilaren 26a aurreko bizimodua eta ohiturak betikotu ditu Munitisek, margoetan. Marroen aurreskua Foru plazan, buruhandiak, erraldoiak eta gargantua herriko kaleetan, Errenteriko andrak Urrengoerrotan arropa garbitzen, txerriak antzina azoka egiten zen Allende Salazar kalean, zezen plaza… Eta bonbardaketa ostean ere herrian hain ezaguna izan den Peperen kioskoa. Alberdi-Gartzia familiak utzitakoa da azken margolan hori, eta Idoiaga-Erkoreka familiaren Gudaria haritzaren aurrez-aurre ere bildu du Munitisek bere laginean.
Kaleekin batera, Gernika inguruko paisiaiak ere aurki ditzake ikusleak erakusketan. Esaterako, akuarelan egindako panoramika, 1930eko Gernika erakusten duena. Errepublika sasoiko motiboak, koloreak, banderak ere nabariak dira erakusketan, ebaina baita Gernika suntsitu eta erre zuen trilogia faxistaren murala: Hitler, Franco eta Mussolini.