Kikunbera eta Axpoandi taldeetako igerilariek emaitza bikainak lortu dituzte Sopelan
Bermeoko taldeetako igerilariek hainbat podium lortu dituzte, eta Bermeoko Udalak egindako lanagatik zoriondu ditu.
Sopelako Igeriketa Sari Eskolarraren Txapelketa jokatu zuten zapatuan (martxoak 30) eta Bermeoko Kikunbera eta Axpoandi igeriketa taldeek emaitza “izugarriak” lortu zituztela azpimarratu dute taldeetako ordezkariek, hainbat izan baitziren lortutako sariak.
Axpoandiko Lore Ferastrauk bi urrezko domina irabazi zituen. 100 metroko tximeleta proban eta 100 metroko bular proban geratu zen lehen postuan.
Kikunbera igeriketa taldeari dagokionez, Ainhize Etxebarriak urrea lortu zuen 50 metroko bular-igeriketan eta zilarra 50 metro askeetan. Enaitz Monasterio ere lehenengoa izan zen 50 metro bular-igeriketan eta hirugarren sailkatu zen 50 metro tximeletan. Nile Uriondok zilarrezko domina irabazi zuen 50 metro bular-igeriketan eta brontzezkoa 50 metro tximeletan.
Halaber, Markel Iriarte eta Jorge Gonzalez ere podiumetan sartu ziren; hirugarren sailkatu ziren 50 metro bular-igeriketan eta Maider Zenonek, berriz, brontzezko domina lortu zuen 50 metro tximeletan. “Gainera, 2011. Urtean jaiotako umetxoek euren lehenengo txapelketan parte hartu dute”, azpimarratu dute Kikunberako arduradunek.
Bermeoko igeriketa taldeetako neska-mutilek egindako “lan bikainagaik” zoriondu ditu Bermeoko Udalak.