Busturiko 2019ko jaien kartel lehiaketa abian jarri dute
Lanak maiatzaren 6a arte aurkeztu ahalko dituzte parte hartzaileek.
Busturiko Udaleko Jai Batzordeak udalerriko aurtongo jaien lehiaketako oinarriak zehaztu ditu.
Kartelak maiatzaren 6ko 20:00etara arte entregatu ahalko dituzte parte hartzaileek, Altamira auzoko kultur etxean. Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal ditu.
Lehiaketaren arduradunek zehaztu dutenez, gaia eta kartela egiterakoan erabilitako teknikak norberaren aukerakoak izango dira. Lanak DIN A2 formatuan aurkeztu beharko dituzte, euskarri zurrunean eta Busturiko jaiak 2019 leloagaz.
Gutunazal itxi batean sartuta aurkeztu beharko dira lanak, egilearen sinadura jarri barik. Lema bat idatzita izan beharko dute gutunazalaren kanpoan. Barnean, egilea identifikatzeko datuak, curriculum labur bat, telefono zenbakia eta NANaren kopia bat sartu beharko dituzte.
Epaimahaia udalak eta Jai Batzordeak izendatuko du. Bere epaitza apelaezina izango da, eta “zalantzazko autoretza duten lanak, pertsonen duintasunaren kontra doazenak, beste lan batzuen plagioa dela uste direnak, edo plagiotzat hartu ezin badira ere, imitazioa direnak eta beste lan batzuetan inspiraturik daudenak” deskalifikatzeko eskumena izango dute.
Saria. Irabazleari dagokionez, 300 euroko ordainsaria jasoko du. Antolatzaileek adierazi dutenez, kartelaren burutzapen teknikoak tonalitateen aldaketaren bat beharko balu hobeto inprimatzeko, epaimahaikoek ezarri ahal izango dute aldakuntza hori, aldez aurretik autorearekin kontsultatuta eta bere lankidetzarekin.
Lan irabazlea ordenagailuarekin eginda balego, autoreak kartelaren euskarri informatikoa erraztu beharko du inprimatuko den tamainan (70 cm x 50 cm). Kartel irabazlea udalaren jabetza izatera pasatuko da. Horrez gain, aurkeztutako beste lanak jendaurrean azaldu daitezkeela nabarmendu dute.
Lehiaketara aurkeztu eta sarituak izan ez diren lanak kultur etxean jaso ahal izango dira, 2019ko uztailaren 31era arte. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 94 617 10 04 edo 94 687 00 50 telefono zenbakietara deitu ahal dute.