21. Korrikaren hitzorduaren zain
Gaur Garesen hasi, eta 21. Korrika apirilaren 11an sartuko da Busturialdean. Iluntzean Bermeotik sartu, eta gauerdian aterako da Bedaronatik. Aurretik, motorrak berotzeko ekintzak egingo dituzte, tartean, Korrika Txikiak.
Klika egiteko momentua ailegatu da. 21. Korrika 17:00etan Garesetik abiatuko da gaur, eta apirilaren 14an Gasteizen amaitu bitartean, 2.560 kilometro egingo ditu lekuko preziatuak.
Apirilaren 11an sartuko da Busturialdean, eta biharamun goizean pasatuko da Bizkaitik Gipuzkoara. Kresal usainak lagunduta, 20:15ak aldera iritsiko da Bermeora, bi ordu beranduago zeharkatuko ditu Gernika-Lumoko kaleak, eta gauerdian, Eatik utziko du Busturialdea.
Hala ere, datorren asteko hitzorduari itxaron bitartean, han eta hemen hamaika ekintza egingo dituzte. Korrika Kulturaleko ekitaldiez gain, askok eta askok Korritxa Txikietan parte hartzeko tartea hartuko dute. Herri batzuetan aste honetan egingo dituzte, eta beste batzuetan, berriz, 21. Korrika igaroko den egunean zein biharamun edo asteburuan.
Arratzuarrek eta natxituarrek bariku arratsaldean egingo dute Korrika Txiki. Apirilaren 11an, goizean, Busturiako, Gernika-Lumoko eta Muxikako ikastetxeetako ikaslee hartuko dute Korrika Txikiaren lekukoa. Eta arratsaldean Foruan ere egingo dute.
Korrika Kulturalak ere hamaika ekintza ekarri ditu eta ekarriko ditu bi eskualdeetara eta Mutrikura. Esaterako, bihar, Kantu Kolore Far West umeentzako zuzeneko musika emanaldia eskainiko dute Bermeoko Kafe Antzokian, 18:00etatik aurrera. Halaber, martitzenean (apirilak 9) Aina Moll hizkuntzalariak Klika Kataluniako hizkuntza politikari hitzaldia emango du Kabidxen, 19:00etan hasita, eta apirilak 12an Mami Lebrun (Xake produkzioak) antzerkia eskainiko dute Nestor Basterretxea aretoan, 20:00etan.
Euskararen aldeko hautua
Konpromisoaren eta garai berri baten Korrika legez aurkeztu dute AEKko arduradunek aurtengoa. Izan ere, Klika aukera bat hartzea, hautua egitea dela aldarrikatu dute: “Euskararen aukera hartzea da. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea… Klika egitea da euskaraz ahalduntzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da”.
Beraz, konpromiso horri eutsiz, kilometroz kilometro, errepide zein kale bazterretan emozioak pilatuz egingo du bidea 21. Korrikak. Tipi-tapa, eskuz eskuz, irribarreak margotuz.
KORRIKA TXIKIAK:
ARRATZU
-BIHAR
- 18:00. Pankartak eta petoak amaitu, Ludotekan.
- 18:30. Korrika Txiki.
- 19:00. Talo tailerra, plazan.
- 19:30. Taloak doan, denentzat.
- 20:00. Esku pelota partidua, frontoian: Garai-Etxaniz vs. Arrizabalaga-Espinar.
BUSTURIA
-APIRILAK 11, EGUENA
- 15:00. Korrika Txiki, Altamiratik.
- 19:30. Askari handi herrikoia, Korrikaren etorrera itxaroten–21:00ak aldera pasatuko da–.
FORUA
-APIRILAK 11, EGUENA
- 18:00. Petoak eta lekukoak egiteko tailerra.
- 19:00. Korrika Txiki.
- 20:30. Txistorra jana, Haitz Biribil Elkartean.
- 21:55. 1831. kilometroan (Murueta) parte hartzeko gonbidapena.
NATXITUA (EA)
-BIHAR
- 17:30. Korrika Txiki, Bolatoki aurrean hasita. Aurretik, petoak margotuko dituzte.
- Ondoren, txokolatada.