Zirkulazio seinaleak adierazteko margotze lanak egiten ari da Bermeoko Udala
Herriko segurtasuna bermatzeko helburuagaz egiten ari dira lan horiek.
Abiadura mugak, zebrabideak eta aparkalekuak adierazteko margotze lanak egiten ari da Bermeoko Udala.
Benito Ibarrolaza Bermeoko alkateaordea eta Zerbitzu eta Segurtasun zinegotziaren berbetan, herrian zehar “gehienezko abiadura 30 kilometro ordukoa” dela eta “Alde Zaharrean eta Portuzarrean 10 kilometro ordukoa” dela adieraziko dute lan horien bitartez. Ondarruburu kalean ere 10 kilometro orduko abiadura muga ezarri dutela jakinarazi du, eta horrela nabarmenduko dute margolanekin.
Abiadura mugekin batera, herriko zebrabideak ere margotzen ari da udala. “Epe laburrean” abiaraziko duten Eskola Bidea ekimenagaz lotutako zebrabideak margotzen ari direla nabarmendu du Ibarrolazak.
Bukatzeko, Artike bidean, Zarragoitxiko sarreran, eta Txibitxagan dauden aparkalekuen seinaleak ere margotzen ari dira. Alkateordearen berbetan, “herriko segurtasuna bermatzeko garrantzitsua” da lan horiek egitea. Bermeotarrei abiadura mugak errespetatzeko eta zebrabideak erabiltzeko eskatu die, «guztion segurtasunerako ezinbestekoa» delako.