Tokiko merkataritza indartzeko plana aurkeztuko dute bihar Elai-Alai aretoan
Merkataritza Indartzeko Plan Berezia eratu dute, eta hori da bihar Elai-Alai areto txikian aurkeztuko dutena. Hurrengo eguaztenean (apirilak 10), bigarren saioa egingo dute, leku eta ordu berean.
Tokiko merkataritza indartzeko plan berezi bat jarri du martxan Gernika-Lumoko Udalak, eta plan hori bi saiotan aurkeztuko dute. Lehenengoa bihar 13:45ean izango da Elai Alai aretoan, eta bigarrena, berriz, hurrengo eguaztenean (apirilak 10) leku eta toki berean.
Bederatzi hilabete daramatza udalak tokiko merkataritzaren egoera zein den aztertzen, eta hori hobetzeko eta merkataritza arrakastatsuagoa bultzatzeko zer egin behar den ikertzen. Hala, Merkataritza Indartzeko Plan Berezia eratu dute, eta hori da aurkeztuko dutena.
Lehenengo saioan Gernika-Lumoko merkataritzaren diagnostikoa zein den kontatuko dute, eta bigarrenean lehia hobetzeko proposamenen berri emango dute: “Gaur egungo udalerriko merkataritzaren egoeraren argazkia aurkeztuko dugu lehengo saioan, eta merkataritzarako jarduera proposamenak bigarrenean”.
Merkatarien parte hartzea. Azterlanaren ondorioak bilatzeko, udalerriko merkatarien parte hartzea ezinbestekoa izan da. Izan ere, talde dinamikak, inkestak eta galdetegiak egin dituzte. Prozesu hori “luzea eta sendoa” izan dela aitortu dute arduradunek: “Merkatariei egindako inkestakaz, talde dinamikekin, bakarka egindako elkarrizketekin, eta udalerrian erosketak egiten dituzten hainbat pertsonari egindako galderekin atera ditugu ondorioak”.
Azalpenak eman ondoren bi hilabeteko epea izango dute interesatuek ekarpenak egiteko, eta horien iritzia kontutan hartuko dela jakinarazi dute.