Giro "ederrean" ospatu dute Kabelinatxe Eguna
Hiru dantza taldeek askotariko dantzak eskaini zituzten guztiek batera: Bizkaikoak, Gipuzkoakoak edota Nafarroakoak. Ajangizko Artxube dantza taldekoek, gainera, aparteko beste dantza bat egin zuten.
Urtero legez, Kabelinatxe dantza taldearen eguna ospatzeko elkartu ziren atzo, eta eguna “ederto” joan zela azaldu dute antolatzaileek: “Giro ederra eduki genuen Ereñoko frontoian, eta egunak ere asko lagundu zuen”.
Ereñoko eta Nabarnizko umeen dantza taldea da Kabelinatxe, eta taldea osatzen duten urte guztietan ospatzen dute beraien eguna: urte batean herri batean eta hurrengoan bestean. Aurten, Ereñon eduki dute hitzordua dantzariek.
Ereño eta Nabarnizko dantzarien eguna ospatu arren, ez ziren bakarrik egon, Ajangizko Artxube eta Ibarruriko Basotxoritxu taldekoak ere aritu baitziren dantzan.
12:30erako zeukaten ordua jarrita, eta ordubete baino gehiagoko saioa eskaini zuten. Askotariko dantzak eskaini zituzten dantza talde guztiek batera: Bizkaikoak, Gipuzkoakoak edota Nafarroakoak. Ajangizko Artxube dantza taldekoek, gainera, aparteko beste dantza bat egin zuten: “Kepa Junkeraren abestiagaz dantza bat daukate prestatuta, eta hori erakusteko egun ezinhobea izan zen atzokoa”.
Dantzak bukatuta, hamaiketakoa eduki zuten aukeran bai dantzariek eta baita ere haiek ikustera bertaratu zirenek.
Taldeei eskerrak. Egun paregabea igaro zuten bertan bildutakoek, eta dantzariei eta bertaratutako lagun guztiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek. Bai eta, Ereñoko Udalari eta Gerandape Herri Kirol Taldeari ere.