Bigarrenez jarraian, garaipenak azken segunduetan egin die ihes basurdeei
13na berdindu du Heineken ligaren 20. jardunaldian Gernika RTk UE Santboiana Bartzelonako taldearen aurka. Partidu guztian aurretik joan badira ere, azken jokaldian berdindu dute Bartzelonakoek.
Ohorezko mailako 20. jardunaldia jokatu dute asteburuan. Gernika RTk UE Santboiana taldearen aurka jokatu zuen atzo Urbietan, eta 13na berdindu zuen. Partidu guztian aurretik joan ziren basurdeak, baina aurreko jardunaldian gertatu modura, garaipenak partiduko azken segunduetan egin zien ihes.
27 puntugaz sailkapeneko azkena izaten jarraitzen du talde gernikarrak. Asteburuan lortutako bi puntuak, baina, garrantzitsuak izan dira; izan ere, azken aurreko postuan dagoen La Vila taldeak galdu egin zuen Ordizian.
Lehen minutuetan, talde gernikarrak izan zuen partiduaren kontrola. Puntuak eskuratzeko gogoaz atera ziren basurdeak, eta 14. minutuan lortu zituzten lehenengoak. Entsegu bidez eskuratu zituzten lehenengo bost puntuak, eta hori transformatu zuten gero. 7-0koa jarri zuten markagailuan. Aldea zabaltzeko ahaleginak egin zituzten etxekoek, baina Bartzelonako taldea sendo aritu zen defentsan.
Hurrengo minutuetan bi taldeek puntuak eskuratzeko ahaleginak egin zituzten, baina katalanek lortu zuten bilatutakoa; beraien lehenengo bost puntuak lehenengo zatiko azken minutuan lortu zituzten. Entsegua egin eta atsedenaldira joan ziren 7-5eko markagailuagaz.
Atsedenalditik bueltan indartsu zelairatu ziren etxeko jokalariak. Bote lasterreko ostiko bategaz hiru puntu lortu zituzten-eta. Bigarren zatiko 20. minutuan, baina, zigor kolpe bategaz markagailuan gerturatu ziren Bartzelonakoak, eta modu berean erantzun zieten basurdeek (13-8).
Puntuak eskuratzeko beharrak eraginda, urduritasuna nagusitu zen Urbietan. 73. minutuan bost puntuko errenta lortu zuten basurdeek, eta horiek ondo kudeatu behar zituzten. Hala, baina, Santboianako jokalariek ez zuten amore eman, eta hainbat saiakera eginez, azken jokaldian berdindu zuten norgehiagoka; entseguz lortu zituzten amaierako azken 13 puntua, baina ez zuten transformatu.
Zaleen babesa momentuoro izan zuten basurdeek, jokalarien bidelagun izan gura baitute.