Nahia Alkorta: "Haurrek modu autonomoan jaten ikastea da helburua"
Baby Led Weaning edo haurrentzako purerik eta ahirik gabeko elikadura osagarriari buruzko hitzaldia emango du Nahia Alkorta edoskitze aholkulariak martitzenean, Gernika-Lumoko Astran.
Baby Led Weaning metodoa pure edo ahietan oinarritzen ez den metodoa da, eta horri buruz hitz egingo du Nahia Alkorta edoskitze aholkulariak (Irura, 1986) Gernika-Lumoko Astran. Martitzenean 17:30ean jarri dute hitzordua kulturarako fabrika sozialean, eta elikadura osagarri hori zertan oinarritzen den eta nola eskaini behar den azalduko du, besteak beste.
Zer da Baby Led Weaning edo purerik eta ahirik gabeko elikadura osagarria?
Elikadura osagarria bizi guztirako elikaduraren oinarria bezela ulertu behar dugu. Lehenengo urteetan umeei zer eta nola eskaintzen diegun jakitea baldintzagarria izango baita bizi osoan edukiko dituzten elikadura joeretarako. Helburua haurrari elikagai osasuntsuak eskaintzea da, garapenaren momentu bakoitzean bere beharretara egokituz. Hau da, zer formatan elikatu behar den eta une bakoitzean zer elikagaik eduki behar duten pisu handiagoa kontuan hartzea. Helduaren jarduna da haurrari elikadura eskaintza egokia egitea.
Elikadura sistema hau ez da sistema baztertzailea. Elikagaiak osasuntsuak izan behar dira, eta eskaintzeko modua desberdina izan daiteke: zatitxoetan edota trituratuta; helduaren beharren arabera.
Zer helburu du elikadura osagarriak?
Haurrek modu autonomoan jaten ikastea da helburua. Ezinbestekoa da hori. Nire haurrak nik erabaki dudana, nik nahi dudan beste eta nik nahi dudan momentuan jatea ez baita jaten jakitea. Haurrak gero eta autonomoago izatea lortu gura duen teknika da era honetako elikadura osagarriarena. Haurrek berezkoa duten elikagai osasuntsuetarako joera hori mantendu, eta janariari buruz dauzkagun ohitura sozial guztiak barneratzea da asmoa. Batzuetan, gehiago jango dute, baina kontuan hartu behar dugu, helduok ere egunero ez daukagula gose bera ordu berean. Ez eta behar nutrizional berak ere.
Elikadura mota horrek haurren beharretara egokitzea eskatzen du, beraz.
Janaria errespetuz eskaintzeak derrigor dakar haurraren ezetza onartzea. Haurrarentzako eskaintza osasuntsua presta dezaket nik, baina, agian, haurrak ez du hori behar. Ezetz hori onartzen ikasteak eta errespetatzeak egiten du janariaren inguruan etxean sortzen diren gatazkak gutxitzea. Jatea plazera izan behar da, egunean askotan egiten dugulako; gatazka momentuak saihestu behar ditugu.
Zein onura eskaintzen ditu elikadura osagarrirako modu honek?
Ez zait gustatzen elikadura era honen onurez hitz egitea, beste elikaduraren arriskuez mintzatzea baino. Era hau da elikadura fisiologikoa edo normala zen hura, irabiagailua asmatu zen arte, behintzat. Era honekin haurrak autonomoago bihurtzen dira, beraiek bakarrik egiten duten prozesua baita jatekoa. Gainera, etxeko janaria jaten dute haurrek, horrek sortzen duen erosotasun guztiagaz; izan ere, ez dugu zerbait berezia prestatu behar izango kanpora baldin bagoaz. Segurtasuna ere areagotu egiten da, haurrak txikitatik ikasten baitu tresnak maneiatzen eta janaria mastekatzen.
Berezko gaitasuna lortzen du haurrak?
Janariaren inguruan dauzkagun arau sozialak ikasten dituzte haurrek. Familia osoaren dieta hobetzen du, denok nahi dugulako gure haurrek osasuntsu jan dezaten. Haurrak jatorduekin sortzen duen atxikimendua ere oinarri-oinarrizkoa da. Egunero errepikatzen dira, eta komunikaziorako ere aberasgarria da. Elikadura osagarri honek lehen baserrietan genuen ohitura berreskuratzen du; mahaian geldi eta komunikatzen gauden bitartean bazkaltzea. Ezaugarri sozial hori barneratzen laguntzen du.
Prozesua zelakoa izaten da?
Elikadura osagarria era honetan jasotzen duten haurrek, txikitatik beraiek manipulatu dute janaria, eta, beraz, oso azkar ikasten dute tresnak erabiltzen. Izugarrizko erraztasuna eskaintzen du, umeak berak bakarrik jateko gaitasuna lehenago jasoko duelako.
Janaria eskaini arren ematen ez badiogu, haurrak berezkoa duen autorregulatzeko gaitasuna ez du galduko. Berak jakingo du noiz jan duen nahikoa eta noiz ez. Osasunerako ere bada seguru bat gehiago.
Noiz gomendatzen da elikadura osagarriagaz hastea?
Osasunaren Mundu Erakundeak eta pediatria elkarteek esaten dute haurrek lehenengo sei hilabeteetan soilik esnea hartu behar dutela; ahal dela, ama esnea. Gainera, hori bi urte izan arte luzatu behar dela diote. Horregatik, sei hilabeteen inguruan elikadura osagarriagaz hastea gomendatzen da. Hala ere, baldintza batzuk bete behar dira: haurrak bertikalean egoteko gaitasuna izan behar du, baita interesa ere. Hortik aurrera, sei-zazpi hilabeterekin hasiko dira elikagaiak ahora eramaten. Prozesua ume bakoitzarena izan behar da.
Eta noiz arte luzatu behar da?
Elikadura osagarria esnearen presentzia txikitu ahala luzatuko da. Bi urtera arte esneak presentzia handia eduki behar du, eta, hortik aurrera, haurrak jaten ikasi badu, ez da elikadura osagarria izango, elikatzeko modua baizik. Esneak presentzia handia izango du hasieran, baina gero balantza aldatzen joango da.
Sei hilabetegaz hasteko, segurtasun neurriak hartu beharko dira.
Gurasoen beldurrik handiena izaten da pentsatzea haurrak ito daitezkeela, gero gurasoak eurak izanagatik ere edozein modutara jaten dutenak. Haurrekin arreta handiagoa jartzea ohikoa da, janaria gurasoek prestatzen eta eskaintzen dietelako. Hala ere, segurtasun neurriak haurrek zein nagusiek hartu behar dituzte, beti. Oinarrizkoena da etzanda eta mugimenduan ez jatea. Gainera, jakin egin behar da bereizten haurra noiz ari den itotzen, eta noiz bere defentsa mekanismoak erabiltzen; eztula, esaterako. Hitzaldian, arreta berezia jartzen dugu horretan, hori bereizten ikasteak segurtasun handia ematen duelako.
Zer elikagairekin hasi behar da?
Edozein elikagairekin has gaitezke, –atzeratzea komeni diren elikagaiak salbu –baina burdinaren presentzia handia daukaten elikagaiek eduki behar dute pisurik handiena; haragiak, arrainak… Izan ere, sei hilabeteren inguruan haurrak izan ahal duen gabezietako bat da haurdunaldian amaerngandik jasotako burdinaren erretserbak jaitsi izana. Eskaintzen diren elikagaiak, beraz, burdinaren presentzia daukatenak izan beharko dira. Ezin da ahaztu esnearen presentzia beti ziurtatuta egon behar dela, batez ere lehenengo urtean edo bi urtean zehar.