Jesus Mari Olagibel Elantxobeko alkatea zendu da
Bihar 18:00etan egingo diote hileta elizkizuna Elantxobeko elizan.
Gaur gauean gaixotasun baten ondorioz zendu da Jesus Mari Olagibel Elantxobeko alkatea; azken egunetan ospitalean egon da. Bihar 18:00etan egingo diote hileta elizkizuna Elantxobeko San Nikolas elizan.
Azken lau urteetan Elantxobeko alkatea izan da EAJko politikaria, eta alderdi kideek esan modura Elantxobeko herriarentzako “onena” bilatu du beti.
“Herriarentzako lan asko, eta lan onak egin ditu Jesus Marik. Hainbat proiektu izan ditu esku artean, oso onak izan diren proiektuak”, adierazi du Elantxobeko Udalaren izenean Jesus Mari Bilbao kultur zinegotziak.
Olagibelek ilusioagaz lan egin duela gehitu du zinegotziak, eta herriko pertsona eta elkarte desberdinekin harreman estuak izan dituela aitortu du. Haren berbetan, lanean jarraitzeko griña bizi-bizi eduki du: “Elantxobeko portuan zein aldapan gora joanda dauden txokoetan aritzeko gogoa izan du beti”.
Bilbaorentzat alkate modura “oso langile ona” izan da, baina, lagun modura ere “bikaintzat” eduki du Olagibel: “Herriko itsasontzien elkartean buru belarri ibili gara batera. Ez laneko kide modura, lagun modura baizik. Beti egon da herria suspertzeko lanean”.
Elantxobe Arraun Taldeak ere gogoratu du Olagibel. “Otoi bat eta gero arte” idatzi dute sareetan, eta familia eta senideei doluminak eman dizkiete.
Elantxobe hobetzeko asmo nagusia. “Berarentzat gauza guztien gainetik beti egon da Elantxobe”, adierazi du Juan Feliz Naberan Busturialdeko EAJko arduradunak.
Abertzale eta alderdi kide on moduan deskribatu du Olagibel, eta “hutsune handi bat” utzi duela aitortu du. Alderdi guztiaren izenean, berak egindako lan guztia eskertu dio gainera: “Falta handia edukiko dugu aurrerantzean. Alkate zein herritar modura lan asko egin du Elantxoben”.
Itxaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidenteak ere gogoratu du Olagibel, eta lagun artean, bere bihotzeko herrian, “irribarretsu eta alai” gogoratuko duela adierazi du: “Zeu izan zarena, denon lagun, guztion poza. Gugaz izango zaitugu aurtengo Madalenatan, Elantxobeko kaira heldu gaitezan”.