Ajangizko Udalak martxan jarri du herritarrekin komunikazio zuzenagoa edukitzeko aplikazio bat
Herritarren eta udalaren arteko komunikazio bide berri bat ireki gura dute komunikatzeko baliabide berria da Ajangiz Zabaltzen izeneko aplikazioa. Udalaren webgunean jasotzen diren azken albisteak eskura edukiko dituzte herritarrek.
Telefono mugikorretara jaisteko moduan dago dagoenerako, Ajangizko Udalak martxan jarri duen ‘Ajangiz Zabaltzen’ izeneko aplikazio berria. Biscaytik fundazioak garatu du.
Herritarren eta udalaren arteko komunikazio bide berri bat ireki gura dute komunikatzeko baliabide berri honegaz: “Udalagaz telefono mugikor bidez komunikazio zuzena izateko aplikazioa da hau. Hartara, Ajangizeko biztanleen egunerokoa erasoagoa izatea bilatzen du”.
Azaldu dutenez, udalaren webgunean jasotzen diren azken albisteak eskuratuko dituzte herritarrek. Aplikazio jaitsita, herritarrek udalaren oharrak jaso ahalko dituzte, bai eta herria zaintzen lagundu ere Kalezaindu atalaren bitartez. Gainera, berriak eta agendaren baitako azken ekitaldiak ere ikus daitezke.
Kalezaindu atalaren bidez, adibidez, herritarrek abisuen berri eman ahalko dute, testua eta argazkia bidalita. Herri altzarietan edota beste nonbait ikusten dituzten gorabeheren berri eman ahalko dute, “kaltetuta daudenak, modu egokian ez daudenak edota hobetu beharrekoak bidali ahalko dituzte”. Ondoren, udalak gertakari horren bilakaeraren berri emango du, erabat konpondu arte. Izan ere, atal honek bistaratze-mapa dakar, Ajangizen aztertze bidean edo konponduta dauden Kalezainduko gertakari guztiak ikusi, edo horien jarraipena egin ahal izateko.
Webguneagaz bat. Ajangiz Zabaltzen egitasmoak aplikazioa ez ezik, gobernu irekiko webgune bat ere badauka: zabaltzen.ajangiz.eus. Bertan, parte-hartzearen eta gardentasunaren inguruko azken berritasunak ikus daitezke, eta herritarrek gertakariak bidaltzeko aukera ere badaukate webgunearen bitartez.
Webgunean, gainera, gardentasun atala dago, eta, bertan, udal kudeaketako daturik garrantzitsuenak argitaratuko dira: aurrekontuak, udalaren osaera eta udal zerbitzuen gutunak, besteak beste.