Santimamiñe, Morgota eta Ondaro kobazuloen babesa bultzatzeko eskatu du batzar nagusietako euskera eta kultura batzordeak
Santimamiñe eta Morgota Kortezubin daude, eta Ondaro Nabarnizen. Aztarnategi paleolitikoak dituzten kobazuloetarako babes araudi berezia ezartzeko aukera emango luketen kalifikazio espedienteak irekitzea eskatu diote Jaurlaritzari.
Talde Mistoak sustatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kultura Batzordeak, arauz besteko bederatzi proposamen onetsi zituen atzo, aho batez. Horien bitartez, aztarnategi paleolitikoak dituzten kobazuloetarako babes araubide berezia ezartzeko aukera emango luketen kalifikazio-espedienteak irekitzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.
Kortezubiko Santimamiñe eta Morgota, Nabarnizko Ondaro, Lekeitioko Antzoriz, Armintxe eta Lumentza, Berriatuako Goikolau eta Atxurra eta Mañariako Askondo dira aipatu kobazuloak.
Aldeko hamabost botogaz eta abstentzio eta kontrako boto barik, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Eusko Jaurlaritzari Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legean oinarritutako kalifikazio espedientea irekitzea eskatzea erabaki dute. Kultur ondasun izaerari eutsiz, kobazulo bakoitzari babes araubide espezifikoa ezarri eta definitu ahal izatea da helburua.
Bederatzi proposameneak batera eztabaidatu eta onetsi zituzten atzo goizean. Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak, kultur ondasun horiek “ezagutzeko, kontserbetako eta babesteko” helburua aitatzeaz gain, Bizkaiko kobazuloetan dauden aztarnategi guztiak, 2008an Unescok Kultur Ondare Unibersal izendatutako Bizkaiko Golkoko itsasertzeko labarretako artearen katalogoan sartzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen.
Alderdien iritziak. Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabal ekimenaren alde agertu zen, baina orain arte zergaitik ez dan babes neurririk hartu itaundu zuen. Kasu batzuetan, halako neurriek “premia berezia” dutela esan zuen, Lekeition dagoen Armintxeko kobazuloa aipatuz. EH Bilduko David Lopategik Talde Mistoaren proposamenaren alde dagola esan zuen, “ondo argumentatuta” dagoelako, baina, orain arte halako neurririk ezarri ez izanagatik, harrituta agertu zen. Euzko Abertzaleak taldeko Jane Eyre Urkietaren berbetan, “oso egokia” da aztarnategi bakoitzarentzako babes adierazpena onestea.