Kulturaren kontrako erasoak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte
Gernika-Lumon eta Bermeon batu ziren protesta egiteko zapatuan.
Arteak Ireki plataformak deituta, eskualdeko herritarrak Gernika-Lumon eta Bermeon batu ziren zapatuan Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkeztutako araudiaren aurka protesta egiteko; dekretuak jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak egiteko baldintzak ezartzen zituen. Herritarrak ez daude dekretuko baldintzekin ados.
Araudi berriak, urtean, taberna bakoitzean 12 kontzertu egitera mugatzen zituen ostalariak. Horren kontra egiteko, Arteak Ireki plataformak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako hainbat herritan batzeko deia egin zuen; 30 herri ingurutan burutu ziren elkarretaratzeak.
Hala, argazki masiboa ateratzeko deia egin zuten eskualdean. Gernika-Lumon eta Bermeon 50 bat pertsona batu ziren, hurrenez hurren; Jose Maria Iparragirre abeslariaren estatua ondoan batu ziren gernikarrak, eta Goiko plazan elkartu ziren bermeotarrak. Denak Kulturaren kontrako erasorik ez lelopean aritu ziren aldarrikapenak egiten.
Tabernetan burutzen diren kontzertuak defendatu zituzten, eta horiek erregulatzeko lege bat beharrezkoa zela ere esan zuten: “Lege batzuen barruan tabernetan kontzertuak eman ahal izatea defendatzen dugu”. Hala ere, 12 kontzertuko baldintza ezartzea, musikari berriei mugak jartzea besterik ez dela adierazi zuten: “Horren kontra egin dugu, muga hori kentzea nahi dugu”.
Ospakizun eta aldarrikapen eguna izan zen zapatukoa: “Kulturari ezin zaizkio ateak jarri, eta hori aldarrikatzeko batu gara gaur”.
Bermeon, gainera, argazkia atera ostean kalejira musikalagaz kaleak girotu zituzten bertaratu ziren musikazaleek. Horrela, tabernak espazio kulturalak direla aldarrikatu zuten. Lameran eta Portuzarrean, gainera, mikro irekiak ezarri zituzten musikari, rapero, dantzari edota sortzaileei Bermeo girotzeko aukera eskaintzeko.
Helburuak lortzen. Tabernetan kontzertuak mugatzeko araudia aldatu egingo duela zehaztu du Eusko Jaurlaritzak orain. Hala, legea aldatzeko “urgentziazko tramitazioa” egingo dute. Bermeon eta Gernika-Lumon batu ziren musikazaleek, Eusko Jaurlaritzaren erabakia pozgarritzat hartu dute, baina ez dira lege aldaketaz asko fidatzen: “Aldatu egingo dutela esan dute, baina legea zelan idatzita dagoen ikusi beharko da”.
Plataformakoek adierazi dutenez, zapatuko ekitaldiak “oso arrakastatsuak” izan dira, eta horietan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkiete. Orain, segurtasun sailburuaren erantzunaren zain daudela adierazi dute.