Sare sozialen erabilera egokiari buruzko tailerrak egingo dituzte Bermeoko ikasleekin
Bihar eta etzi egingo dituzte tailerrak.
Beste urte batez, Informazio eta Komunikazio Teknologiak eta sare sozialak era egoki eta seguruan erabiltzeko tailerrak egingo ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Gaztedi Busturialdea proiektuaren barne.
Horrela, Bermeoko Ignacio Arozena Institutuko DBH1eko ikasleei sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei, positibo zein negatibo, buruzko hausnarketa egiteko eremua ezarri eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzeko tresnak eskainiko dizkiete.
Ezjakintasuna. Adin horretako ikasleek sare sozialak “askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituzte”. Izan ere, gazteen gehiengoak Instagram, Snapchat edota Whatsapp bezalako zerbitzuak erabiltzen ditu, horiek dakartzaten arriskuekin.
Tailerrak bihar eta etzi egingo dituzte, eta 80 bat gaztek parte hartuko dute horietan. Bi orduko tailerrak izango direla zehaztu dute eta Jon Gomez Garaik eskainiko ditu.
Tailerren antolatzaileen berbetan, “gaur egungo gizartean eta, bereziki nerabezaroan, informazio eta komunikazio teknologiek garrantzia handia hartu dute formazioan, hezkuntzan eta bere berdinekin harremanak izaterako orduan”.