Rif herriaren borroka ezagutzera emateko jardunaldia egingo dute Gernikan
Artearen eta hitzaldien bidez, 'Hirak' protesta mugimenduaren berri eman nahi dute
RIFeko erresistentzia Marokoko erreinuan: artea eta protesta izenburuarekin, herri horretako biztanleen borroka ezagutzera emateko jardunaldia egingo dute martxoaren 28an, Gernika-Lumon. Elai-Alai aretoan izango da, 18:00etan hasita.
Asouik Ridouan margolariaren eskutik, Gernika Al hoceima-tik Gernikara: protesta, memoria eta bakea Rifeko artearen bidez ekimenarekin emango diote hasiera jardunaldiari. 19:00etan, Rif: Hirak-en anatomia izenburuarekin, hitzaldia emango dute David Alvarado politologo eta kazetariak eta Khalid Amzir AZRAF Rif-Euskal Herria elkarteko kideak.
2016. urtetik, Rif herria borrokan da Marokoko erregimen politikoaren menpe dagoen gobernuaren ustelkeria eta alderdikeria salatzeko. Rif-en bizi duten pobrezia, marginazio egoera era errepresioak mugarik ez duelako hasi zuten erresistentzia. Salatu dutenez, Naser Zafzani liderrarekin bateram gaur egun amazighen herriak 600 preso politiko baino gehiago ditu, Marokoko kartzeletan sakabanatuta.
Egoera hori salatzeko hasi zuten Rifeko herritarrek Hirak protesta mugimendua. Hala ere, diotenez, protesta hori herriak bizi izan duen gatazka zerrenda luze baten ondorioa da. XX. mendeko 20ko hamarkadan hasi zen gatazka, espainiar eta frantziar okupazioarekin eta Abdelkrim el Jatabiren errepublikarekin. Errepresioak jarraipena izan zuen 50eko hamarkadan, Mohamed V.aren erregimen alauitarekin. Ostean, Hassan IIak ere gogor erreprimitu zuen 1984ko matxinada, eta haren seme Mohamed VIak ere jazarpenari ekin dio, erreforma politikoak eta estatu mailako indarkeria baliatuz. Ondorioz, aktibista askok Europara alde egin behar izan dute.
Gernika-Lumok, kasurako, lotura estua dauka Rifeko Al hoceima eremuarekin. Gernikatik Mundura, Ideasur, Gernika Gogoratuz eta Azraf elkarteek, Euskal Herriko amazigh (bereber) jendearen laguntzarekin, kooperazio ekimenak sustatu dituzte nazioartean, Rifeko eskubideak defendatzeko eta elkartasuna bultzatzeko.