Lointek Gernika Bizkaiak ezustekoa eman du Gironan
Emakumezkoen Ligaren talde indartsuenetako bat mendean hartu du talde gernikarrak. Gironak etxean galdu duen lehen jardunaldia izan da.
Emakumezkoen Ligan hamazazpigarren garaipena eskuratu du Lointek Gernika Bizkaiak. Mailarik gorenean bere errekorra lortu du, eta gainera, talde indartsuenetako baten kontra. Hain zuzen, denboraldi honetan, ligan Gironaren kantxan irabaztea lortu duen lehen aurkaria izan da.
66-72ko emaitzagaz amaitu zen atzo arratsaldean Spar Citylift Girona eta Lointek Gernika Bizkaiaren arteko partidua. Garaipenaren ondorioz, hirugarren postuaren lehian jarraitzen du talde gernikarrak; Cadi La Seugaz 41na puntugaz berdinduta dago. 45 puntu ditu Gironak, eta 47 Avenidak. Bi jardunaldi geratzen zaizkie liga amaitzeko.
Fontajaun talde sendoa ikusi zen atzo. Bikaina. Kontzentrazioa galdu barik aritu ziren Lointekeko jokalariak. Ideiak argi zituztela jokatzen, eta aparteko talde lana eginez. Azken laurdena giltzarria izan zen. Markagailua irauli, eta garaipena lortu zuten.
Jokaldi interesgarria ikusi ziren lehen minutuetatik, eta Lointek aurretik jarri zen markagailuan. Gironako Resingerova kontrolpean hartzea lortu zuten. Defentsan zein erasoan ondo aritu zen, eta bost puntuko aldea zeukan (3-8 edota 8-13). Jokaldiak ondo irakurtzen asmatu zuen, eta etxeko taldeak baino zerbait gehiago eman zuen kantxan. Baina, Gironako jokalariak berehala esnatu ziren. 0-9ko partzialagaz eman zuten abisua. Bi taldeen aldetik, kalitatezko jokaldiak ikusi ziren.
Gironako Williamsek eta Gabbyk euren onena eman zuten, beste behin. 11-12ko partzialagaz, eta 21-15eko markagailuagaz hutsartea eskatu zuen Mario Lopezek. Entrenatzailearen aginduen ostean, defentsa sendotu zuen Lointekek, eta sei puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (23-17). Hurrengo minutuetan lau puntu jarrain egin zituen talde gernikarrak. Alabaina, ondorengo jokaldietan, kanpoko jaurtiketetan huts egin zuen, eta Gironak, ostera, aldea handitu zuen. Gainera, etxeko taldea sendo mantendu zen atzealdean, Lointeken erasoko jokaldiak oztopatuz. Lehen lerroan baloi asko galdu zituen Lointekek.
Hamar puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen zatia (39-29), eta bigarrenaren hasieran ere etxeko taldeak bere nagusitasuna mantendu zuen. Saskiratzeak erraz lortu zituzten, eta Lointekekoek, ostea, zailtasun momentuak bizi izan zituzten. Hala ere, atzean lan bikaina egiten ari ziren. Lopezek txandakatzeekin asmatu zuen, eta partidua irekita zela ailegatu ziren laugarren laurdenera (54-48). Girona ondo aritu zen, baina, ez zuen distira handiegirik egin.
Azken txanpan, defentsa sendotzea giltzarria zela bazekiten talde gernikarraren jokalariek, eta hala egin zuten. Kontraerasoan ere sekulako lana egin zuten. Bakarka zein talde moduan bikain aritu ziren, eta Ariztimuñoren jaurtiketa libre bategaz markagailua berdindu zuten (58-58). Gero, Banhamen hiruko bategaz markagailua irauli zuten (60-63), eta jarraian beste hiruko bat egin zuen.
Courtney Williams. Garaipena ez da izan asteburu honetako sari bakarra. Dia Ligaren 24. jardunaldiko jokalari onena izendatu dute Courtney Williams estatubatuarra. 16 puntu eta 17 errebotegaz, 29 puntuko balorazioa jasota izendatu dute MVP. Halaber, Sant Adriako Mariam Coulibalyren atzetik bigarren erreboteatzaile onena izan da.
Denboraldia amaitzeko egindako fitxaketak bere talentua agerian utzi zuen lehen partidutik. Taldera ondo egokitu zen, eta partiduz partidu bere kalitateagatik nabarmendu da.