Gernika A.T.-ko Herjjou da Espainiako txapelduna
Madrilen jokatu da txapelketa, eta paralinpikoen modalitatean garaipena lortu du 400 eta 1.500 metroko probetan
Gernika Atletismo Taldeko Mustapha Herjjouk urrezko domina bi jantzi ditu Madrilen jokatu den Espainiako Txapelketan. Paralinpikoen modalitatean, azkarrena izan da 400 metroko eta 1.500 metroko probetan.
Zapatuan jokatu zen 400 metroko finalean 56 segunduan amaitu zuen proba Herjjouk. Domekan, berriz, 1.500 metroko proba lehiatu zuen, eta 4 minutu eta 36 segunduko markarekin, txapela jantzi du Gernika A.T.ko kideak.
Aljeriarra jatorriz, Muxikan bizi izan da Bilbora joan arte. Hala ere, Gernika Atletismo Taldean hasi zen eta talde horretako korrikalaria izaten jarraitzen du Herjjouk. Espainiako Txapeldun izendatu ostean, taldeko kide izateaz harro dagoela esan du, gainera.
Euskadiko txapelketan ere podiuma. Herjjouren dominak ez dira izan Gernika Atletismo Taldeak asteburuan etxeratu dituen sari bakarrak. Euskadiko Txapelketan urrea eta zilarra ere ekarri dituzte Iruñetik. 5.000 metroko modalitatean, Gernika Atletismo Taldeko Unai Lobato izan da garaile Nafarroako hiriburuan jokatu den txapelketan, 17 minutu eta 23 segunduko markarekin. Ibon Malaxetxebarria, berriz, txapeldunorde izan da modalitate berean. Lobatok baino zazpi segundu gehiago behar izan zituen proba amaitzeko. Dena den, biak ala biak azkar ibili ziren, batezbeste kilometroa minutu eta erdiaren azpitik egin baitzuten.