Garaipenak azken unean ihes egin die basurdeei
Heineken Ligaren 19. jardunaldian, 27na berdindu du Gernika RTk VRAC taldeagaz, Valladoliden. Bi puntu baliotsu lortuta, maila mantentzearen esperantzagaz daude.
Hilabeteko geldialdiaren ostean, Heineken Ligaren 19. jardunaldia lehiatu dute asteburuan. Gernika RTk Valladoliden jokatu zuen zapatuan, eta 27na berdindu zuen VRAC Quesos Entrepinares taldearen kontra. Partiduko azken jokaldian garaipenak ihes egin zien basurdeei, liderraren zelaian.
25 puntugaz sailkapeneko azkena da, baina, maila mantentzeko helburua lortzeko garrantzitsuak dira asteburuko bi puntuak.
Lehen minutuetan, talde gernikarrak izan zuzen partiduaren kontrola. Zigor kolpe bategaz markagailua estreinatzeko aukera izan zuten, baina, baloiak zutoinetik gertu ihes egin zien. Bederatzigarren minutuan, etxeko taldeak lortu zituen lehen puntuak. Entsegua ez zuten transformatu.
5-0ko markagailuagaz, basurdeak erantzuten saiatu ziren, eta baita lortu ere. Defentsa sendotuta, erasoko jokaldi bikain batean heldu zen euren lehen entsegua. Facundo Epinalek borobildu zuen jokaldia, eta Matias Frutosek transformatuta, markagailuan aurretik jarri zen talde gernikarra. Handik gutxira beste entsegu bat egin zuten (5-14). Alboko sake batean Jokin Eskolarrek baloia bereganatu ondoren, heldu zen entsegua. Timoti Marrek ez zuen hutsik egin, eta ezta Frutosek ere.
29. minutua beteta zela, Gernika RT jokalari bat gutxiagogaz geratu zen, eta etxeko taldeak nagusitasun hori aprobetxatu zuen. John Wesell Bellen markagaz berriro ere partiduan sartu ziren. Lau puntuko errenta mantentzen saiatu ziren basurdeak, baina, etxekoek partiduaren kontrola zeukaten, eta beste entsegu bat egin zuten (17-14). Hala ere, lehen zatiaren azken jokaldian, zigor kolpe bategaz markagailua berdindu zuen talde gernikarrak.
Bigarren zatian, indartsu zelairatu ziren etxeko jokalariak. Hala ere, basurdeek sentsazio onak berreskuratu, eta aurre egiten asmatu zuten. 51. minutuan markagailuan aurretik jarri zen VRAC. Ligako liderrak, erasoko jokaldietan duen eraginkortasuna agerian utzi zuen, beste behin. Bellek marka egin, eta Gareth Griffithsek transformatu zuen: 24-17. Basurdeak ez ziren kikildu; erantzun bikaina eman, eta etxekoak beren zelaian estu hartu zituzten. Erasoko zenbait jokaldiren ostean, Frutosek egin zuen entsegua. Transformatu ere berak egin zuen, markagailua 24na berdinduz.
Partiduko azken minutuetan, Gernika RT talde segurua ikusi zen. 70. minutuan, markagailuan aurretik jarri zen; Frutosek hiru puntu lortu zituen zigor kolpe batekin, eta gainera, epaileak Bell kanporatuta, etxekoak jokalari bat gutxiagogaz geratu ziren. Ondoren, partiduko azken jokaldian, VRACek markagailua berdindu zuen, zigor kolpe batean.