Bermeoko Arraun Elkarteak batel jardunaldietan sortutako giroa nabarmendu du
Bizkaiko Batel Ligako 7. eta 8. Jardunaldietan "giro izugarria" egon dela adierazi du eta "balorazio oso positiboa" egin du.
Asteburuan 500 neska-mutil batu dira Bermeon. Bizkaiko Batel Ligaren 7. jardunaldian 92 batelek parte hartu zuten, zapatuan, eta atzoko 8. jardunaldia 95 batelek lehiatu zuten.
“Parte-hartzaileak euren talde teknikoekin eta euren familiekin batera etorri dira Bermeora, giro benetan ederra sortuz gure herrian estropadetan”, azaldu dute Bermeoko Arraun Elkartearen ordezkariek. Pozik agertu dira eta eskerrak eman dizkiete estropadak antolatzen lagundu duten guztiei, besteak beste, Bermeoko Udalari, Gurutz Gorriari, Arroyabe kontserba enpresari, Olatu enpresari, Arrauneko Bizkaiko Federazioari, Mundakako Arraun Taldeari eta euren ontziekin balizak jarri dituzten Karmelori eta Josuri: “Guztien laguntza garrantzitsua izan da estropadak izan duten arrakasta izateko. Eskerrik asko”.
Atzoko emaitzei dagokienez, mutilen kadete mailako Bermeo A taldea hirugarren geratu zen, Kaikua Aren eta Isuntza Aren atzetik. Zazpi minutu eta 52 ehunen egin zituen Kaikuk, eta bermetoarrak bederatzi segundo eta 13 ehunenera sailkatu ziren. Bermeo B hamargarrena izan zen. Maila bereko nesketan ere Kaiku izan zen onena, eta Isuntza bigarrena. 07:47.75 markatu zuen Kaikuk, eta Elantxobe hamahirugarren sailkatu zen, 52 segundo eta 24 ehuenera.
Mutilen gazte mailan, bi batel uretaratu zituen etxeko taldeak, eta bosgarren eta zazpigarren amaitu zuten. Zierbena A izan zen azkarrena (09:09.43). Minutu erdi pasatxoan amaitu zuen Bermeo Ak, eta minutu pasatxoan Bermeo Bk.
Nesken alebin mailan, Mundaka izan zen Busturialdeko ordezkari bakarra, eta laugarren sailkatu zen. Ondarru A izan zen lehena, bi minutu, 35 segundo eta 14 ehunenegaz. Isuntza A eta Ondarru C bigarren eta hirugarren izan ziren, eta Mundaka lehenengoarengandik 24 segundo eta 25 ehunenera sailkatu zen. Mutiletan ere ondarrutarrak izan ziren onenak: 02:17.85. Elantxobe laugarren, Mundaka zazpigarren eta Bermeo bederatzigarren geratu ziren.
Txiki mailan, mutiletan, Mundakak batel bat eta Elantxobek bi izan zituzten. Azken horietako bat neskekin eta mutilekin osatu zuten.
Domekan moduan, zapatuko estropadan ere, Bermeoko mutilen kadeteen A taldea hirugarren geratu zen. Orduan, baina, Isuntza A nagusitu zen (07:07.17), eta Kaikua A izan zen bigarrena. Elantxobeko batela zazpigarren sailkatu zen, eta Bermeo B bederatzigarren. Nesketan ere talde lekeitiarrak lortu zuen denborarik onena: 07:45.26, eta Kaiku A geratu zen atzetik. Elantxobe, berriz, bederatzigarrena izan zen, Isuntzarengandik 38 segundo eta 97 ehunenera.
Hala, Bermeoko mutilen gazte mailako bi taldeek seigarren eta bedereatzigarren postuak eskuratu zituzten zapatu arratsaldean. Isuntza A lehenak bederatzi minutu, hamazortzi segundo eta 88 ehunenetan burutu zuen estropada. Bermeo A hamazazpi segundo eta 11 ehunenera sartu zen, eta Bermeo B 55 segundo eta 11 ehunenera.
Mutilen alebin mailan, Busturialdeko hiru arraun taldeek parte hartu zuten. Ondarru B izan zen azkarrena (02:31.01); Elantxobe seigarren, Bermeo zazpigarren eta Mundaka bederatzigarren geratu ziren. Nesketan, aldiz, mundakarrak izan ziren eskualdeko bakarrak. Ondarru A nagusitu zen, eta Mundakak bosgarren amaitu zuen, 24 segundo eta 69 ehunenera.
Txiki mailan, Elantxobek bi talde uretaratu zituen mutiletan, eta hamalaugarren eta hamabosgarren sailkatu ziren.