Espetxeari eta osasunari buruz ariko dira Garbiñe Biurrun eta Maritxu Jimenez
Elai-Alai aretoan izango da hitzaldia, martxoaren 26an, 20:00etan hasita.
Espetxea, espetxe politika, osasuna eta presoen egoera izango dira martxoaren 26an Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan antolatu duten berbaldiaren ardatza. Gernika-Lumoko Bake-Leku txokoak, Gernika-Lumoko Sarek, Gernika-Lumoko Kultur Etxeak eta Laboral Kutxak antolatuta, bi gonbidatu berezi izango dira mahaiaren beste aldean: Garbiñe Biurrun epailea eta Maritxu Jimenez psikologoa. Moderatzaile lanak Onintza Enbeita kazetariak egingo ditu.
Orain presoak dinamika abiatu zutenetik, gaixo dauden presoen egoera gizarteratu eta giza eskubideak errespetatzeko eskatu dute herritarrek Euskal Herrian antolatutako hainbat ekimenetan. Hurrengo martitzeneko hitzaldian ere presoen osasun egoera jarriko dute mahai gainean. Hain zuzen, berbaldiaren izenburua honako hau izango da: Osasunak eta elkarbizitzak espetxe politika berria behar dute.
Hitzaldiaren ostean solasaldian aritzeko tartea ere izango da, entzuleen parte hartzea bermatzeko. 20:00etan hasiko da berbaldia.