Eskualdean txirrindularitza sustatzeko apustua egiten jarraitzen du Busturia TTk
Busturia Txirrindulari Taldeak aurtengo denboraldirako taldeak aurkeztu ditu. Zenbait berritasun aurreratu dituzte klubeko arduradunek.
Aurtengo urtean ere “gogor” jarraitzen du Busturia Txirrindulari Taldeak. Ekoetxea Urdaibain egin dute denboraldiko taldeen aurkezpena, eta klubeko arduradunek bidelagun dituzten babesleei, bazkideei, laguntzaileei zein norbanakoei eskerrak eman dizkiete.
Hain zuzen, babesle berriak estrenaitu dituztela jakitera eman dute, Nabiga 360 eta Gesincar enpresak.
Alabaina, soinean jantziko dituzten mailotetan dute aurten berritasun nagusia, urdina izango baita nagusi. Urte honetan, gainera, mutilen Euskadiko Junior txapelketa antolatzearen ardura hartu du beregain taldeak. Uztailaren 25ean (Santiago egunez) jokatuko dute Busturian. “Horrelako txapelketa bat antolatzea ez da erraza izaten eta jende askoren laguntza beharko da”, adierazi dute arduradunek. Era berean, San Kristobal jaietan, Bizkaiko taldeetako umeen bilgunea izango da udalerria.
Bizkaiko eskolarteko mailako hamazortzi ume dituzte taldean, kadeteetan bost mutil ariko dira Euskal Herriko lasterketa guztietan zein Kantabriakoetan, eta junior taldea lau txirrindularik osatu dute. Azken horien artean dago Lander Lartitegi 2018ko Euskadiko txapelduna. Busturia TTren ordezkariek esan dutenez, lasterketak hasi dituzte eta denak ere “polito” dabiltza. “Kadete (2.003/2.004) eta junior (2.001/2.002) mailako mutilak hartzeko prest gaude. Ezin dugu ahaztu behar gure txirrindularia izan den Amaia Lartitegik ere gogor jarraitzen duela junior mailan Iurretako nesken taldean, eta urteko lehen lasterketa berak irabazi du. Guk neska bakar bat daukagunez ezin dugu talderik sortu eta horregatik daukagu utzita beste talde batean, baina ahal dugun neurrian laguntzen diogu”.
(Argazkiak: Busturia TT)