Bizkaiko zesta eskoletako umeen topaketa hartuko du Jai Alai frontoiak
Domekan 11:00etan batuko dira. Gernika Jai Alai Eskolako arduradunek esan dutenez, zestan hasiberriak diren umeek parte hartuko dute topaketan.
Zestan hastapenetan diren umeen topaketa egingo dute domekan (martxoak 24), Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian. Zehatz esateko, Bizkaiko zesta eskoletako kideak batuko dira. 11:00etan hasi eta 13:00ak arte ariko dira zestan jokatzen.
Hasi berri diren umeekin hainbat topaketa egiten ari dira frontoiz frontoi. “Topaketa guztiak domeketan egiten dira. Aurrekoan, Ispasterren bildu ziren, eta oso giro polita izan zuten”, esan dute Gernika Jai Alai Eskolako arduradunek.
. Markina-Xemeinen egin zuten lehenengo topaketa, urtarrilaren 27an, eta otsailaren 17an Ispasterren batu ziren. Udaberri honetan, beste bi topaketa egingo dituzte. Hurrengoa Berriatuan egingo dute, apirilaren 7a eta azkena, berriz, Lekeition izango da, maiatzaren 5ean.
40 bat ume elkartzea aurreikusi dute. Horiek bi multzotan banatuta lehiatuko dituzte kinielak. “Zestan denbora gutxi daramaten umeak dira, eta bi mailetan sailkatzen dira. Nagusienek, maila altuagoa dutenen artean txapelketa jokatzen dute”, azaldu dute Gernika Jai Alai Eskolako kideek.