Bizkaiko Batel Ligako bi jardunaldi Bermeon, asteburuan
Zapatu arratsaldean eta domeka goizean elkartuko dira Bizkaiko arraun taldeetako ordezkariak. Bermeoko Arraun Elkarteak harrobiko arraunlariak animatzera hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete herritarrei.
Bizkaiko Batel Ligako 7. eta 8. jardunaldiak lehiatuko dituzte Bermeon asteburuan. Bizkaiko Arraun Federazioaren arduradunek jakitera eman dutenez, 100 batel inguruk parte hartuko dute.
Zapatuan 15:30ean hasiko dute lan saioa, eta domekan, ostera, 10:30ean.
Busturialdeko taldeei dagokienez, hiru talde eroango ditu Mundakak eta bosna talde izango dituzte Bermeok eta Elantxobek. Bermeoko Arraun Elkarteak herritar guztiak gonbidatu ditu harrobiko neska mutilak animatzera.
Bermeoko Arraun Elkarteak herritar guztiak gonbidatu ditu harrobiko neska mutilak animatzera.
Traineruak, San Jose egunean. Bestalde, traineru bizkaitarrek V. Cami Memoriala – XIX. Jon Sasieta Bilbao Memoriala lehiatu zuten Deuston, martitzenean (martxoak 19). Senior mailetako emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak aritu ziren bogan; hamar talde gizonezkoetan eta sei talde emakumezkoetan.
Emakumezkoetan, seigarren amaitu zuen Mundakak, Kaiarriba irabazlearengandik bi minutu, hamasei segundo eta 78 ehunenera. 17:01.06 markatu zuen estropada irabazleak; Kaiku sailkatu zen bigarren, hamabost segundo eta 93 ehunenera, eta Isuntza hirugarren, 29 segundo eta hamasei ehunenera.
Gizonezkoetan Itsasoko Amak egin zuen denborarik onena: 20:40.32. Busturialdea bederatzigarren sailkatu zen, Santurtziko taldearengandik minutu bat, hamahiru segundo eta 11 ehunenera.