Berba galduak berreskuratuz
‘Arrainak Bermeon: izena hartu eta izena emon’ erakusketagaz Bermeon arrainei nola deitzen zitzaien ezagutzera eman dute. Horrela, dagoeneko galduta zeuden izenak berreskuratu dituzte.
Arrantzak eta Bermeok betidanik lotura eta harreman estua izan dute. Bermeotarrek harrotasunez hartzen dute itsasoak utzitako ondarea, eta hori herriak eta herritarrek urtero egiten dituzten hainbat ospakizun eta ekitalditan agerian geratzen den zerbait da.
Ondare horri gogor eutsi arren, denborak aurrera egin ahala ezinezkoa da bizimodu horrek utzitako ohitura eta tradizio guztiak herrian bizirik mantentzea, bai nagusienek gero eta gutxiago erabiltzen dituztelako eta baita gazteek horiek ezagutu ere ez dituztelako egiten.
Horren kasua da, esate baterako, arrainak izendatzeko erabilitako herriko hitzekin gertatutakoa.
Gaur egun gero eta ohikoagoa da arrain mota desberdinen izendapen neutroak aurkitzea: legatza, bokarta, hegalaburra… Erosten ari garena ezagutzeko, izendapen orokor bat ezinbestekoa da, eta arraindegietan hori hartzen joan dira. Arrazoi horregatik, bermeotarrek herrian arrainei jarritako izenak albo batera utziz joan dira, ohitura eta hizkuntza aldi berean galduz.
Horiek berreskuratu eta ezagutzera emateko asmoz, Arrantzaleen Museoak Arrainak Bermeon: izena hartu eta izena emon erakusketa prestatu du. Bertan 103 arrain biltzen dituzten bederatzi panel ezarri dituzte. Hala, nezkazarra, popamientue edota erridxo arraina bezalako arrainak ezagutuko ditugu.
Urte askotako lana. Aingeru Astui museoko zuzendariak prestatu du erakusketa. Bere berbetan, “arrain mota komertzialak bakarrik ezagutzen ditugu gaur egun”. Bermeoko arrantzaleek urte luzez harrapatutako arrainak ezagutzera eman nahi izan du.
Izenen dokumentazio lana duela urte asko egin zuen Astuik. Izan ere, Bermeoko Akatz aldizkarian argitaratzen zituen bildutako izenak, duela 30 urte inguru. Erakusketa prestatzerakoan, aspaldi egindako lana berreskuratu eta txukundu egin du, bermeotarrei zein bisitariei herriko hizkerar bereziaren altxor hori erakusteko asmoagaz.
Erakusketa bisitatu gura duenak ekainaren 2ra arte egin ahalko du.