Bekoportala erakusleiho soziala aurkezteko ekimenak egingo dituzte zapatuan
Guneak arte erakusketak, proiekzioak, tailerrak edota formakuntza klaseak aurrera eramateko balioko du, besteak beste.
Bermeoko Udalak Hurtado de Mendoza kalean dagoen orubearen eta lokalaren etorkizuna herritarrekin batera definitzeko lana egin zuen. Elkarlan horretatik jaio da Bekoportala erakusleiho soziala, eta horren berri eman eta gunearen irekiera ospatzeko ekitaldi bat egingo dute etzi.
Guneak erabilera bikoitza izango du. Herritarrak elkartzeko gune sozial intergenerazionala bihurtuko da alde batetik. Horrela, ume, gaztetxo eta nagusiak batzeko eremua izango da Bekoportale, bertan hainbat motatako ekintzak gauzatzeko ahalmenagaz.
Bestalde, bermeotarrentzako kultura erakusleiho bat izatea gura dute. Izan ere, guneak arte erakusketak, proiekzioak, tailerrak edota formakuntza klaseak aurrera eramateko balioko du, baita herriko ekintzen informazioa elkarbanatzeko ere. Lokalak, modu horretara, uneko beharrizanen arabera moldatu eta transformatzeko aukera edukiko du.
Jai giroan. Bekoportalari eta eskainiko dituzten zerbitzuei buruz berba egiteko hitzordua prestatu du Bermeoko Udalak. 11:00etan hasiko dituzte ekimenak, 4 urtetik 12 urtera bitarteko umeei zuzendutako La casa del vacío. Planotik bolumenera tailerragaz.
Parte hartuko duten umeek heldu batekin parte hartuko dute tailerrean. Tailer horretan parte hartzea dohainik da eta bekoportala@bermeo.eus helbide elektronikoan izena eman behar da.
Tailerra bukatzerakoan, Bekoportalan eskainiko dituzten zerbitzuei buruzko azalpenak emango dizkiete herritarrei. Guzti hori jai giro ederrean egingo dutela nabarmendu du udalak. Izan ere, txotxongiloak, irrintziak eta bertsolariak egongo dira bertan ume zein nagusiek ongi pasatzeko. Musika ere ez da faltan izango, Dientes de Luna taldearen zuzeneko emanaldiak girotuko baitu Bermeoko gune sozial berria.