Zinegoak jaialdian saritutako filmak proiektatuko dituzte Bermeon
Nestor Basterretxea aretoan proiektatuko dituzte filmak, martxoaren 26an eta 28an.
Zinegoak Hedapena programari esker, LGTBI gaien inguruko nazioarteko zinema jaialdiko filmek herririk herriko ibilbideari ekingo diote. Modu horretara, 2019ko jaialdian nabarmendutako obrei hedapena emango diete, eta ikusle kopuru handiago batengana iritsi.
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 40 udalerrik ongietorria emango diete saritutako filmei. Horien artean, Bermeo izango da zine zikloaren geralekuetako bat, hirugarren aldiz.
Izan ere, martxoaren 26an eta 28an nazioarteko zinema jaialdian estreinatu ziren proiekzioak eskainiko dituzte. Bi egun horietan 19:30ean jarri dute hitzordua, Nestor Basterretxea aretoan.
Bi emanaldi. Lehenengo emanaldian, Wanuri Kahiu zuzendari keniarrak egindako Rafiki pelikula emango dute. Ordu eta erdiko iraupena daukan film luze horrek Afrikako herrialde horretako lesbianen egoera erakusten du. Drama horrek Zuzendari Onenaren Saria lortzeaz gain, Lesbianismoa eta Generoa, eta Aniztasuna eta Giza Eskubideak ataletako sariak ere eskuratu ditu Zinegoak Euskadi jaialdian.
Eguenean, beste aldetik, proiekzioen eskaintza zabala egongo da ikusgai aretora hurreratzen direnentzat. Izan ere, amaitu berri den Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen 16. jaialdian estreinatutako hainbat film labur ikusi ahal izango dira.
Horien artean Zinegoak-en saritutako bi labur proiektatuko dituzte: Publikoaren Film Labur Onenaren Saria irabazi zuen Reinout Hellenthal zuzendariaren Anders filma eta Alejandro Zunok zuzendutako Publikoaren Film Labur Onenaren Senior Saria eraman zuen Oasis.