Trikitixa kontzertu didaktikoa Euskal Herria museoan
Zapatuan egingo duten saio berezian emango dute kontzertua, eta aldez aurretik erreserba egitea komeni da.
Euskal folklorearen historia ezagutzeko aukera emango du Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak zapatu honetan. Hain zuzen, trikitixaren historia ezagutzeko eta bere soinua entzuteko saio berezia egingo dute, 17:00etan hasita.
Folklorea euskal kulturaren zeinu garrantzitsuenetakoa delako, saio berezia prestatu dute oraingoan. Berritasun modura, Euskal Herria museoak duen altxorretako bat ezagutzera emango dute, kontzertu didaktiko baten bidez.
Larrinaga fabrikan egindako trikitixa XIX. mendeko bakarra da, eta gaur egun dagoeneko ez da horrelakorik egiten. Hala, bere soinua entzuteko aukera eman nahi du museoak. Kontzerturako aldez aurretik erreserba egitea komeni da, 94 625 54 51 telefono zenbakira deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz.