Tribisburuko Nekropolia euripean ezagutu dute
Bermeoko inguruak ezagutzeko ibilaldia egin zuen Sollube 707 Mendizale Taldeak domekan.
Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldeak antolatuta, Bermeoko Inguruak Ezagutzen izeneko ibilaldia egin zuten joan den domekan. Egitasmoaren helburua kirola egin eta aldi berean herritarrei udalerriko ondare kulturala erakustea izan da.
Domeka goiza epel eta lainotsu hasi zen, eta eguerdi alderako euria iragarrita bazegoen ere, 22 lagun batu ziren ibilaldia egiteko. Era horretara, Taraskatik irten ziren goizean goiz, Tribisburuko Nekropolia helmuga izanik.
Bermeoko ondare kultural handiko gunera iritsi aurretik, ibiltariek haizeari eta euriari aurre egin behar izan zieten, helmugara bustita eta hotzituta iritsi ziren. Bertan, Mikel Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura ondarearen zerbitzuko adituaren azalpenak entzuteko batu ziren, Nekropoliaren historia ezagutzeko.
Ostean, Mintegiko karobira hurbiltzeko asmoa zuten mendizaleek, baina ibilbidea bertan behera utzi behar izan zuten. Taldeko arduradunen berbetan, eguraldi txarra zela eta, “ez zegoen egoteko girorik”. “Pena handiz” azaldu dira antolatzaileak, baina berriz ere antzeko ekimenak egiteko prest azaldu dira, eta domekan egindakoan parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete.