Berualako lorategiko obrak bukatutzat eman ditu Bermeoko Udalak
Andra Mari kaleko orube hutsa berreskuratzeko helburuagaz egin dituzte obrak.
Bermeoko Udala, udalerriko Alde Zaharra biziberritu eta edertzeko plangintzaren barnean, orube hutsak eta gune publikoak berreskuratzeko lanean ari da. Plan horren barnean, Andra Mari kalean dagoen orubea eraberritzeko lanak bukatu dituzte.
Modu horretara, Bermeotarrek Beruala ondoan kokatuta dagoen lorategia “aisialdirako espazio moduan” erabiltzeko aukera dutela azaldu du udalak. Gunea “txukundu eta edertu” egin dute, eta herritar nagusiek gimnasia egiteko espazioa ere ezarri dute bertan.
Santi Murua Berualako zuzendariaren berbetan, “nahi duten herritarrak gune horretara joan daitezke erlaxatzera, bertan aulkiak eta landare usaintsuak jarri baitira”.
Hortaz, herritarrak gune hori erabiltzera animatu ditu eta gune hori “errespetuz eta arduraz” erabiltzea eskatu du “egoera egokian mantendu ahal izateko”.