Arrantzale etorkinen eskubideen aldeko lan saioa egingo du LABek
Bermeoko Kabidxen batuko dira ekimena egiteko.
Xenofobia eta arrazakariaren aurkako eguna ospatuko da martxoaren 21ean. Horren harira, LAB sindikatuak lan saioa prestatu du Bermeon biharko. Hitzordua Kabidxen jarri dute, 17:00etan.
Sindikatuak azaldu duenez, saio hori hiru atal desberdinetan banatuko dute. Lehenengo atalean, langile etorkinek dituzten erronka berriei buruzko solasaldia egingo dute, eta sindikatuak gaiaren inguruan duen planteamenduaren berri emango du.
Epaia. Bigarren atala, berriz, Herrien Epaitegia izango da. Saio horren ardatz nagusia “migrazioa eta arrantzaren sektorea” izango dela nabarmendu dute LABekoek.
Modu horretara, “sektoreko langileen eskubideak urratzeagatik” Eusko Jaurlaritza, arraste arrantzaleen patronala eta arraste arrantzaleen sektoreko enpresak salatuko dituztela aldarrikatu dute.
Salaketa hori Xabier Ugartemendia Salaketa Ekintza Sindikaleko idazkariak aurkeztuko du saioan. Aurkezpenagaz batera, bi lekukok beraien testigantzak eskainiko dituztela nabarmendu dute.
Ondoren, salatzaileek eta lekukoek Herrien Epaitegiko epaileen galderak erantzungo dituzte, eta horiek beraien epaia irakurriko dute. Epaileak Ainhize Muniozguren LAB sindikatuko Idazkaritza Juridikoko Idazkaria, Iratxe Urizar Giza Eskubide eta nazioarteko zuzenbidean aditua eta Monica Vargas Campaña Globaleko kideak izango dira.
Bukatzeko, azken atalean maiatzaren 5ean egingo den Herrien Besarkadaren mobilizazio egunean elkarretaratzea egiteko deia egingo dute. Sindikatukoek argitu dutenez, etzi Bilbon batuko dira manifestazioa egiteko, eta sektoreko langile guztiei hurreratzeko deia egin diete.