Akuarelekin egindako 25 margolan
Akuarela lantzen duten artisten 25 margolan daude ikusgai Gernika-Lumoko Kultur Etxean.
Paisaiak edo erretratuak, herriak eta hiriak, porlana eta natura… instant bat hartu duten margolanak eta mugimendua adierazten dutenak. Baian denek ere, badute oinarri bera: akuarelarekin margotutako lanak direla. Gernika-Lumoko Kultur Etxeak euskal akuarelarien elkartearen 217. erakusketa bildu du erakusketa aretoan. Guztira, 25 margolan daude ikusgai martxoaren 25a bitartean.
Akuarela teknikan oso adierazgarria da artista bakoitzaren ebazteko modua, berea duen sormen prozesu horretako margolan desberdinei osagai bereziak eransten dizkielako. Hori horrela, taldeko erakusketa honetan lan mota asko agertzen dira, eta erakusketa ikusi ahala, bere aberastasunaz jabetzen da ikuslea.
Lanetan, bertoko paisaje eta motiboak be identifikatuko ditu bisitariak: Urdabai erakusten duten koadroak edota Busturialdeko beste herriren batekin identifikatzen direnak ere badaude 25 artelanen lagin horretan, Mundaka eta Gernika-Lumo, kasurako.
Erakusketa martxoaren 25a bitartean egongo da ikusgai.