Zahar-alive eta Koipelustre's taldeak Bizkaiko taldekakoaren hurrengo fasera sailkatu dira
Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketaren kanporaketa bi hartu ditu asteburuan Busturialdeak. Bariku iluntzean Errigoitin eta domekan Gernika-Lumon batu ziren bertsolariak eta bertso zaleak.
Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketaren kanporaketa bat jokatu zuten atzo, Gernika-Lumon. Eguerdian, Ospa tabernan egin zuten eguneko lehen saioa Busturialdeko Itsosopetekuek (Nagore Beitia, Eneko Aldana eta Aitor Etxebarriazarraga) eta Abadiñoko Koipelustre’s (Aitor Bizkarra, Igor Galartza eta Bittor Altube) taldeek.
Harizpen bazkaldu, eta bertan, beste bi saio egin zituzten arratsaldean. Gernikako kanporaketan hiru talde egon ziren; aipatu biekaz batera, Busturialdeko Punta Batekoak ere lehiatu zuten. Hiruren artean, Durangaldeko taldeak egin du aurrera txapelketan.
Errigoitin. Barikuan taldekakoaren laugarren kanporaketa jokatu zuten, Errigoitin; Uria taberna, Eleizalde jatetxea eta Ikuilu Elkartea bertso doinuz bete zituzten. Busturialdeko Zahar-alive, Lea-Artibaiko Poto eta Arrigorriagako Estropezu aritu ziren zein baino zein gehiago, eta Julen Arzanegik, Onintza Enbeitak, Inazio Gonzalok, Xabier Enbeitak, Alain Cuberok, Xabier Arriagak, Joseba Uribarrik eta Julen Ibarguengoitiak osatzen duten Zahar Alivek irabazi zuen kanporaketa. Ondorioz, txapelketan aurrera egitea lortu dute.
Hala, asteburu honetan ere bi kanporaketa jokatuko dituzte. Barikuan (martxoak 22) Markina-Xemeinen batuko dira Akerbeltzen antxumak etxeko taldea eta Dolu gab eta Itallen. Zapatuan, ostera, Igorren dute hitzordua. Bertan, Otsoa & Co., Aramotzetik Itxinera eta Miotako bidelapurrak taldeak ariko dira bertsotan.
Bi fase. Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketa bi fasetan lehiatuko dute. 21 taldek hasi dute lehen fasean, eta asteburu honetako saioekin amaituko dute lehen fasea. Bigarren faseko saioak martxoaren 27tik maiatzaren 13ra arte izango dira. Finala, ostera, eskolarteko finalarekin batera jokatuko da maiatzaren 24an.
Lehen faseko lehen kanporaketa irabazita, Durangaldeko Tronperrieta taldea sailkatu zen hurrengo fasera. Martxoaren 1ean, Leioan, jokatu zen Taldekakoaren bigarren kanporaketa, eta Mungiako Taket taldea nagusitu zen, eta Portugaleten jokatutako hirugarren kanporaketan Enkarterri/Ezkerraldeko Far Westeko bertsolariak taldeak eskuratu zuen bigarren faserako txartela.