Leonen galduta, sailkapeneko laugarren postura jaitsi da Lointek Gernika Bizkaia
23. jardunaldian, Gernika-Lumoko taldeak 71-62 galdu du Bembibreren kontra. Emakumezkoen Ligaren sailkapenean hirugarren postuan mantendu da ia denboraldi osoan talde gernikarra. Hiru jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko.
Emakumezkoen Ligan azken txanpan sartuta daude, eta Lointek Gernika Bizkaiak denboraldi honetako zazpigarren porrota jaso du.
Ligan erregular aritu da, eta erregulartasun horren saria izan da, jardunaldiz jardunaldi sailkapenaren hirugarren postuan mantentzea. Asteburu honetako emaitzen ostean, baina, Cadi La Seu talde katalanak aurrea hartu dio, eta laugarren postura jaitsi da. 39na puntugaz daude talde biak, eta aurretik, sendo mantentzen dira Girona eta Avenida. Hain zuzen, elkarren kontra jokatu zuten atzo arratsaldean, eta 80-53 irabazi zuen Avenidak, eta 45 puntugaz liderra da; 44 puntu ditu Gironak.
Lointek Gernika Bizkaiak eta Embutidos Pajariel Bembibrek zapatu arratsaldean jokatu zuten, Leonen. 71-62 nagusitu zen etxeko taldea. Ligako partidurik txarrenetakoa izan zen talde gernikarrarentzat; erasoan doitasunik barik, defentsan intentsitate faltagaz eta errebotean gaizki aritu zen.
Zehaztasunik gabe jokatuz, asmatu ezinik, huts egiteak eginez… une jakin batzuetako jokaldi onak kenduta, ezinean ikusi zen taldea hasierako minutuetan. Lehen bost minutuak igarota, 8-4ko markagailuagaz zeuden. Bi taldeek erritmo biziz ekin zioten lehiari. Baina, talde gernikarrak asko parkatu zuen, eta Williamsek bere maila emateko zailtasunak izan zituen.
Zazpi puntuko aldeagaz (20-13) bukatu zuten lehen laurdena. Orduan, Diez eta Ariztimuño arduratu ziren taldearen jokoari intentsitatea emateaz, eta ondorioz, ohikoa den taldea ikusi zen kantxan. 24na berdindu zuten. Lehen laurdenagaz alderatuta, bigarrenean itxura hobea eman zuen taldeak. Jokalari guztiek lortu zituzten saskiratzeak. Markagailuan gutxieneko errentagaz, eta partidua irekita zegoela amaitu zuten lehen zatia: 33-34.
Atsedenalditik bueltan, Williams izan zen taldearen motorra. Aurkariak kikiltzen eta erasoan ideiak argi zituela jokatu zuen. Baina, defentsako errebotean zailtasunak izan zituzten taldeak. 43-36ko markagailuagaz, hutsartea eskatu zuen Mario Lopez Lointeken entrenatzaileak. Etxekoek hirukoekin erantzun zuten, eta jarraian, Banhamek beste hiruko bat lortu zuen talde gernikarrarentzat (46-45). Ondoren, lau puntuko aldeagaz sartu ziren laugarren laurdenera: 49-45. Williamsek larrialdi egoeratik atera gura zuen taldea eta markagailua berdintzea lortu zuen. Baina, Bembibreko Rangek garaipena etxean geratzeko zortzi puntu garrantzitsu egin zituen. 57-49ko emaitzagaz, beste hutsarte bat eskatu zuen Lopezek. Bere aginduek eragina izan zuten, eta jokoa berpiztu zuen taldeak. Baina, jarraian etorri zen hiruko jaurtiketen festan, etxeko taldea gehiago izan zen. 65-56ko markagailuagaz, partidua erabakita geratu zen. Azken minutuetan, markagailua iraultzeko ahaleginean aritu ziren Lointekeko jokalariak. Lehia amaitzeko 44 segundoren faltan, 67-62 zeuden, baina, ezin izan zuten euren helburua lortu.