Busturialdeko ura berton kudeatzeko eskatu dute Batzar Nagusietan
Bilbao-Bizkaia partzuergoarekin bat egitearen kontrako iritzia eman eta azaldu dute Jon Bernat Zubiri EHUko irakasleak eta BUPeko presidente ohi Iratxe Arriolak.
Busturialdeko uraren kudeaketaren gaineko kezka aurkeztu dute Jon Bernat Zubiri EHUko ekonomia aplikatuko irakasleak eta BUPeko presidente ohi Iratxe Arriolak. Batzarkideen aurrean, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak Busturialdeko Ur Partzuergoa (BUP) bereganatzearen aurka agertu ziren barikuko saioan. Haien ustez, “negozioa egiteko asmoaren” ondoriozko erabakia da.
Bereganatze horren aurka egin eta Busturialdean oinarrizkoa den baliabide natural baten kudeaketarekin jarraitzearen alde agertu ziren. Era berean, oso kritiko agertu ziren gaur egun ura kudeatzeko Bizkaiak darabilen ereduarekin. Azaldu zutenez, BUP Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoan sartzearen arrazoia ez da uraren falta, “Oizeko hartunea berriztatu ostean, eskualdeko beharrei erantzuteko beharrezkoa” izango litzatekeelako, haien ustez. Diotenez, eskuartze horrek ez du prezioa merketzerik ekarriko, gaur egun Busturialdeko Ur Partzuergoaren tarifa Bilbao-Bizkaia Partzuergokoa baino %7 merkeagoa delako.
Bestalde, bateratzerako argudiatutako arrazoiak ere kritikatu zituzten Bernatek eta Arriolak. Busturialdeko ura bideragarria dela esan zuten, eta ez dela egia kostuei aurre egitea ez dela posible izango diotenean. “Ura ez da merkantzia bat, giza eskubide bat baino, eta berdintasuna, gizarte arloko justizia eta jasangarritasuna ekonomiaren aurretik egon behar dira”, adierazi dute.