Skooterrak hartuta, Urdaibain barrena
V. Skooterada Gernika-Lumo topaketa egin dute gaur. Busturialdeko zenbait udalerrietatik ibili ostean, Gernika-Lumoko Astran batu dira eta bertako bunkerra bisitatu dute. Jarraian, San Juan Ibarran borobildu dute euren eguna.
80 bat motorzalek Urdaibaiko txoko ederrak zeharkatu dituzte gaur. V. Skooterada Gernika-Lumo topaketa egin dute, hango eta hemengo herritarren arreta bereganatuz.
[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA]
Eguraldi ederra izan dute bidelagun, eta giroa ere paregabea. Iazko parte hartzea ia bikoiztu dute, eta hain zuzen ere, urtetik urtera gero eta parte hartzaile gehiago biltzen direla nabarmendu dute antolatzaileek. “Hamazazpi moto batu ginen lehenengo urtean, eta gaur begira”, adierazi du Iñaki Olano Skoot-Eroak Gernika-Lumo taldeko kideak.
Neguko azken asteburuan egiten dute topaketa, eta skooter motoen topaketen egutegian beren lekua egitea lortu dutela azpimarratu du Olanok. Skooter motoen jabeak ez ezik, bestelako modeloak dituztenak ere bertaratu dira topaketara.
Aurten, gainera, ibilbidea aldatu dute; Urdaibaiko itsasadarraren bi aldeak zeharkatu dituzte. 10:00etan Muxika eta Gernika-Lumo arteko gasolindegi batean elkartu, eta 10:30ak aldera igo dira motoetara. Lumotik, Errigoiti, Arrieta eta Paresi zeharkatu ostean, Busturiako Ekoetxea Urdaibain egin dute geldialdia. Ondoren, itsasadarraren beste partera abiatu dira. Laga eta Laida hondartzetatik pasatu, eta Gautegiz Arteagako Bird Centerren gelditu dira. Besteren artean, Eibarretik, Bilbotik eta Plentziatik etorritako motorzaleak egon dira, eta horietako askorentzat bertoko leku zoragarriak bisitatzen dituzten lehen aldia izan da.
13:30ak inguruan, Gernika-Lumora ailegatu, eta Astran bildu dira. Bertan, Turismo Bulegoko eta Gernikazarra Historia Taldeko kideen eskutik, Astrako eraikinari beraren zein bertako bunkerrari buruzko azalpenak entzun dituzte.
Topaketa botorobiltzeko, San Juan Ibarrara hurreratu dira. Musika artean, mokadutxoa jan, eta askotariko produktuen zozketa egin dute bertan.