Sasoiko elikagaiak sustatzeko kanpainara batu da Bermeoko udal azoka
'Sasoiko elikagaiak aukeratu. Zu irabazle' egitasmoagaz herritarren osasuna eta ongizatea elikaduraren bidez zaintzen irakatsi nahi dute.
Sasoiko elikagaiak aukeratu. Zu irabazle kanpainara gehitu da Bermeoko Udal Azoka.
Berazelek, udal azokako elkarteak, adierazi duenez, egitasmoaren helburu nagusia “herritarrek beraien osasuna eta ongizatea elikaduraren bidez zaintzea” da. Hori lortzeko azokako postuetan hilero sasoiko fruta, barazki eta arrain bat nabarmenduko dute.
Modu horretara, azokako erosleek nabarmendutako elikagai horien “propietateak ezagutzea” eta “modu osasuntsu eta seguruan prestatzen ikastea” nahi dute kanpainagaz.
Elkarteak argitu duenez, elikagaiekin batera horien propietate osasuntsu, elikagarri eta gastronomikoei buruzko informazioa biltzen duten fitxak banatuko dizkiete azokako bezeroei, baita errezetak egiteko gomendioak ere. Berazelek bermeotar guztiak animatu ditu kanpainan parte hartzera eta sasoiko produktu horiek erostera. “Gure sasoiko produktuei buruzko informazioa emango dugu. Erdu udal azokara eta egin sasoiko elikagaien bilduma”.
Azoka eraberritua. Gainera, azoka berriztatu eta egokitzeko lanak dagoeneko bukatu dituztela azpimarratu du elkarteak. Gogoratu duenez, egindako obrekin Bermeoko Udalak “plazako zorua egokitu du eta erdiko argi zuloa kendu egin du”. Era horretara, “azokaren irudia eraberritu” eta aldi berean “hezetasunak saihestu” dituzte.