Kosnoagako junior mailako nesken taldea, Bizkaiko txapeldun
Junior eta absolutu kategorietako Bizkaiko Neguko Txapelketan, taldeka zein bakarka emaitza oso onak lortu ditu talde gernikarrak. Bakarkako probetan, esaterako, 20 domina irabazi dituzte.
Junior eta absolutu kategorietako Bizkaiko Neguko Txapelketa jokatu zuten Santurtziko kiroldegian, aurreko asteburuan (martxoak 9 eta 10).
Taldeka zein bakarka aritu ziren talde bizkaitarrak, eta horien artean egon zen Gernika-Lumoko Kosnoaga Igeriketa Taldea. Emaitza bikainekin bueltatu ziren etxera. Izan ere, junior kategoriako nesken taldeak Bizkaiko txapeldun izatea lortu du, eta bakarkako probetan ere goi-goian aritu dira.
Hain zuzen, bakarkako lehian, 20 domina irabazi zituzten; hamahiru junior kategorian eta zazpi absolutukoan.
Juniorretan, esaterako, sei urrezko domina lortu zituzten: Jone Otazuak 100m eta 200m estiloetan, Jomara Undabarrenak 400m bakarkako estiloan, Maialen Foruriak 200m bularretan eta Garazi Bengoetxeak 1.500m libre eta 200m tximeletan. Horrez gain, absolutu kategorian, 1.500m libreko proban onena izan zen Bengoetxea.
Halaber, txapeldunorde geratu ziren hainbat probatan. Absolutu kategorian, Aimar Ondarzak zilarrezko dominak irabazi zituen 50m, 100m eta 200m-ko estilo modalitatean. Azken bi horietan, gainera, Bizkaiko errekorrak lortu zituen. Juniorretan hiru zilarrezko domina eskuratu zituzten Kosnoagakoek: Jone Otazuak (50m estiloa), Jomara Undabarrenak (100m estiloa) eta Garazi Bengoetxeak (200m librea).
Beste zazpi podiumetan ere sartu ziren. Absolutu mailan, Foruriak bi brontzezko domina lortu zituen (200m bular eta 200m bakarkako estiloan), eta Ane Obietak 200m estiloan jantzi zuen brontzea. Juniorretan, berriz, Anabel Egurrola bi modalitatetan sailkatu zen hirugarren postuan (50m eta 100m-ko estilo probetan). Imanol Lozak 400m librean irabazi zuen brontzezko domina eta Bengoetxeak 100m-ko tximeleta proban.