Kontuan hartzeko kolektiboa: txikiena
Etena izan duen arren, Astra Txiki dinamikak bere bidea hartu du, berriro. Abenduan hasi ziren antolatzen Gernika-Lumoko zenbait guraso, Astrako espazioa berrantolatu eta txikiei ere beraien txokoa emateko asmoz.
Sortzen, ekiten eta antolatzen ari diren kolektibo ezberdinak biltzen ditu Astra kulturarako fabrika sozialak, eta kolektibo horietako bat da etxeko txikienena. Astra Txiki ekimena sortu zuten duela urte batzuk, arma fabrika zena berritu zutenean. Aurten, dinamika horri heldu diote berriro. Abenduan hasi ziren antolatzen, eta dagoeneko hiru asanblea egin dituzte.
Dinamika horretan daudenak gurasoak dira denak. Hori dela eta, beraien erritmora antolatzen ari direla dio Astra Txikiko kide Naroa Idoiagak: «hiru asanblea egin ditugu. Gutxi gorabehera, hilean behin batu gara. Lehenengo batzarrean lehentasunak markatu genituen, Astrari begira zein umeei begira egiteko asko dagoelako. Beraz, hasi aurretik lehentasunak markatu ditugu». Hutsuneak identifikatu eta egin beharreko lehenengo gauza espazioa berrantolatzea litzatekeela dio Idoiagak, Astran biltzen diren koletibo ezberdinen artean elkarbizitza ahalbidetzeko.
Gunea berrantolatu beharko litzatekeela uste dute Astra Txikikoek: «kafe bat hartzera doazenek ondoan umeak korrika izan ez ditzaten, ez da egokiena». Era berean, umeekin doazenek haurrarentzako egokitutako txokorik ez edukitzea ere kezka modura hartu dute. Eszenarioko tresna, gailu eta kableen artean ibili behar izatea ere ez da erosoa, haien iritziz.
Aterpe bat baino gehiago. Astra eta umeak zein umeak eta Astra elkar elikatu daitezkeelako sortu zuten Astra Txiki. Umeak izanagatik ere, beraien beharrizanak kontuan hartzea ezinbestekoa dela uste dutelako. Gaur egun ere filosofia horri eusten dio Astra Txiki dinamikak.
Idoiagak azaldu duenez, «umeak dira gure herriko etorkizuna, eta nahiko alboratuta ditugu halako gauzetan. Nahi dugu gure haurrek etorkizuna eraiki dezaten, baina ez diegu bidea errazten».
Bestalde, harremantzeko gune bat ere bada Astra Txiki. «Umeak euren artean elkar ezagutzeko aukera ematen du, eskolako geletatik kanpora». Baina ez bakarrik umeak, gurasoak harremantzeko modua ere badela dio Idoiagak: «guraso gazte eta berri ganenon kezkak eta ardurak partekatzeko gunea ere bada. Gure artean zalantzak sortu dira, eta planteatu egin ditugu. Asko laguntzen du».
Bestalde, Astrak berak umeei zer eskaini bere badu: «espazio bat eskaintzen die, baina aterpea baino gehiago den espazioa da Astra. Umeek euren lekua izan dezakete, beraiek antolatzeko eta gauzak egin ahal izateko». Astra Txikiren lantaldea ekintzak antolatzeko gogoz dago, gainera. «Guretzat Astra ez da bakarrik epel egoteko aterpe bat. Edukiekin ere jantzi gura dugu Astra txiki, baina egia da lehentasun modura ipini dugula espazioa berrantolatzearena, horren beharra ikusten dugulako. Aurrerago, espaziotik harago joateko asmoa dugu».
Materiala sortu. Asmo guztiak garatzeko autogestioan oinarrituko dira, finantziazioa behar dutelako. «Zerotik hasi gara eta lehentasuna ez den arren, lehenengo ekimena dagoeneko pentsatuta daukagu. Ipuin kontalari bat ekarri nahi dugu, proba egiteko eta dirua biltzeko. Maiatzaren 4an izango da hori».
Materiala biltzeko asmoz, eskola eta kiroldegietara jo dute, koltxonetak eta egurrezko jokoak eskatzeko. «Norbanakoen jolasak berez ez ditugu batuko, jolasak adin tarteka sailkatzen direlako eta ez daudelako adin denentzako egokituta. Pieza txikidun jolasak, adibidez, ez dira egokiak ume txikientzako. Zaratadun jolasak ere ez ditugu nahi», azaldu du Idoiagak.
Barrutialdeko Lanbide Heziketako ikasleen laguntza izango dute. «Guk materiala ordaindu eta eurek behar ditugun baliabideak sortuko dituzte». Era berean, lanerako prest dagoen edonor ondo hartuko dutela esan dute Astra Txikikoek.
Astra Txikik ateak zabalik ditu parte hartu nahi duen edonorentzat. Hurrengo asanblea martxoaren 22an egingo dute, 17:30ean. Haremanetarako: astratxikia@gmail.com