Bihar zabalduko ditu ateak Bermeoko Liburu eta Disko Azokak
14 erakusle egongo dira martxoaren 24ra arte iraungo duen azokan.
Beste urte batez, Bermeoko Liburu eta Disko Azokak Lamera hainbat posturekin beteko du. Euskadiko Liburu Ganbarak eta Bermeoko Udalak antolatuta, bihartik martxoaren 24ra arte berritasunak ezagutu eta erosteko aukera edukiko dute bertara hurreratzen direnek.
Azokak iraungo dituen 9 egunetan, 11:30etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era egongo dira zabalik salmahaiak.
Aurten, euskarazko eta gaztelaniazko liburu eta diskoak salgai jarriko dituzten 14 erakusle egongo dira Lameran. Azokaren antolatzaileek bertan aurkitu ahalko diren berritasunik interesgarrienak nabarmendu dituzte.
Esaterako, Toti Martinez de Lezearen Malkoak lur antzuan, Jon Arretxeren Ez erran deus, Harkaitz Canoren Fakirren ahotsa edo Pako Aristiren Rosa itzuli da egongo dira bertan. Haur eta Gazteen literaturan, Alaitz Olaizolaren Nork agintzen du? edota Pirritx eta Porrotxen lan berriak egongo dira.
Musikari dagokionez, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Zea Mays eta Goazen nabarmendu dituzte berritasunen artean, baina klasikoen arten Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin edota Ruper Ordorikaren lanak ere aurkitu ahalko dira stand-etan.
Euskarazko berritasunek, liburu zein diskoek, %10eko beherapena izango dutela nabarmendu dute antolatzaileek.
Emakume poetak. Euskal emakume poetak izango da urten honetako azokaren gaia. Ildo horretan, liburu eta diskoekin batera azokako stand-etan Euskal emakume poetak izeneko erakusketa ere egongo da ikusgai.
Gainera, dagoeneko ohitura den moduan, hainbat idazle hurreratuko dira azokara irakurleekin batera egoteko. Aurten Miren Palacios, Javier Sagastiberri, Antton Arriola, Joseba Itxaso eta Ava Hocsem idazleak bertaratuko dira liburuak sinatzeko, azokaren bigarren asteburuan.
Antolatzaileek azaldu dutenez, azokagaz duten helburua “irakurzaletasuna bultzatzea, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea” da. Era horretara, denetariko gaiak jorratzen dituzten liburu eta diskoak bilduko dituzte: Haur eta Gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa edota euskal gaia, besteak beste.