Bermeoko inguruak ezagutzeko ibilbidea egingo du Sollube 707 Mendizale Taldeak
Domekan egingo duten ibilbideak herriko ondare kulturala ezagutzeko balioko du.
Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldeak Bermeoko inguruak ezagutzen ibilbidea prestatu du domekarako. Ibilaldiagaz, kirola egin eta aldi berean udalerriko ondare kulturala erakustea da mendizaleen helburua.
Horrela, 08:00etan Taraskatik Tribisburuko Nekropolira abiatuko dira. Bertan, Mikel Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura ondarearen zerbitzuko adituaren ahotik nekropoliaren azalpenak entzungo dituzte bertaratzen direnek. Ibilaldia egin ezin dutenek 10:30ean hitzaldira zuzenean joateko aukera izango dutela jakinarazi dute.
Ostean, Mintegitxuko baserri inguruan dagoen karobia ezagutzera joango dira. Bermeok dituen bi karobietako bat da.
Etxekoa ezagutzen. Taldekoen berbetan, “gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, askotan urrun dagoenari buruzko informazioa jasotzen dugu eta etxekoa ez dugu ezagutzen”. Horregatik, “mendian ditugun ondareak erakutsi” nahi dituzte.
Ibilaldia doakoa izango da ,eta informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 676 62 01 95 telefonora deitzeko aukera dute.