Uraren kudeaketa publikoaren aldeko hitzaldia emango dute
Bihar egingo dute ekitaldia, Nestor Basterretxea aretoan.
Uraren kudeaketa publiko, ekologiko eta sozialaren defentsan izenpean, Busturialdeko Ur Partzuergoaren likidazioaren inguruan hausnartu eta horren inguruko hitzaldia eskainiko dute Bermeon.
Ekitaldia Busturialdeko Ur Patzuergoaren alde Guk Gure Ure plataformak prestatu du. Bere helburua “uraren kudeaketa publiko, ekologiko, soziala eta gardena defendatzea” da. Plataforma “alderdi eta herri plataforma desberdinek osaturiko taldea” da eta “eskualdeko hainbat elkarteen babesa du”.
Hausnarketa egin eta ideiak aurkezteko Iratxe Arriola BUPeko lehendakari ohia eta Ure Urre plataformako kidea, David Hoyos EHUko doktorea ekonomia arloan eta Gonzalo Marin Madrilgo uren pribatizazioaren aurkako plataformaren kidea eta ur publikoaren sareko bozeramailea izango dira.
Modu horretara, eskualdeko uren hornidura eta horiek kudeatzeko sistemak planteatu eta aztertu egingo dituzte hizlariek. Hitzaldia Nestor Basterretxea aretoan izango da, bihar, 19:00etan.