Busturialdea Bertsolari Gazteen BBK Sariketatik kanpo geratu da
Bertso sariketaren lehen kanporaketa Mungian jokatu dute goizean. Uribe-Butroek irabazi du saioa, eta beraz, finalaurrekoetara sailkatu da.
Mungiako Torrebillelan hasi dute gaur Bertsolari Gazteen 27. BBK Sariketa. Uribe-Butroe eta Busturialdea taldeen arteko saioagaz hasi dute aurtengo sariketa, eta Uribe-Butroeko bertsolariek batu dituzte puntu gehien. Ondorioz, Busturialdeko taldea sariketatik kanpo geratu da, eta Uribe-Butroek finalaurrekoetarako txartela eskuratu du. 378,50 puntugaz nagusitu da, eta eskualdeko taldeak 351,50 puntu bildu ditu.
Izan ere, sariketa honetan, saioak sailkapen-izaerakoak dira; irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da eta galtzailea ordea kanporatuta geratzen da.
Beraz, Uribe Butroe taldeak, martxoaren 28an Deustun jokatu du finalerdia (hori izango da lehen finalaurrekoa). Hala, biharko kanporaketan argituko da zein den finalaurreko beste taldea. Hego-Uribe eta Arratiaren arteko kanporaketa hartuko du bihar Igorreko Arratia Institutuak, 11:30ean hasita.
Aurtengo sariketan, zortzi taldetako (Lea-Artibai, Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Uribe Kosta eta Uribe-Butroe) 48 bertsolari gaztek parte hartuko dute, eta lau kanporaketa saio eta bi finalaurreko jokatuko dituzte. Finala apirilaren 3an izango da, Bilboko BBK Aretoan.
Giro ederra. Legarda eta Bentades ikastetxeetako ikaslez beteta egon da gaur Mungiako aretoa, eta saioa giro ezin hobean garatu dela azpimarratu dute Bizkaiko Bertsozale Elkarteko arduradunek.
18 urte artekoetan, Olaia Cancelok, Ismael Aomarrek eta Jokin Ansotegik osatu dute Busturialdeko taldea. 19-24 urte bitarteko bertsolariak, aldiz, Iker Uriarte, Koldo Gezuraga eta Asier Galarza izan dira.
Ainhoa Urien aritu da aurkezle lanetan eta Graxi Arregik, Beñat Romerok eta Juanjo Respaldizak osatu dute epaimahaia, idazkari lanetan, berriz, Idoia Anzorandiak eta Ione Narbaizak jardun dute.
Hurrengo saioak:
-
Bihar, Igorre
11:30. Hego Uribe eta Arratia Igorreko Institutuan. -
Martxoak 20, Zalla
10:00. Enkarterri-Ezkerraldea eta Uribe Kosta Zine Antzokian. -
Martxoak 21, Markina-Xemein
10:30. Lea-Artibai eta Durangaldea Kultur Aretoan. -
Martxoak 27, Deusto
10:45. Finalaurrekoak Bidarte Kulturgunean. -
Martxoak 28, Sopela
9:00. Finalaurrekoak Ander Deuna Ikastolan.