Izurde haragia zeraman arrantza ontzi bat atzeman dute Bermeon
Eusko Jaurlaritzako Arrantza Ikuskaritzak aurkitu zituen hondakinak atzo, portuan ainguratuta zegoen ontzi bat ikertzerakoan.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Ikuskaritzak Bermeoko portuan ainguratutako ontzi batean izurde hondakinak aurkitu ditu.
Iturri berberak adierazi duenez, Gipuzkoako Nekazaritza eta Arrantza Saileko ikuskariak Bermeora joan ziren eguaztenean, “delituzko ekintzak egiten aritzearen ontzi susmagarri” baten hustuketa lanak “aztertzeko eta kontrolatzeko”.
Babestutako espeziea. Ontziak berdela eta aingira arrantzatzeko baimena bakarrik zuen, baina ikuskariek egindako azterketan “izurde haragia zuten hainbat poltsa” aurkitu zituzten ontziaren bodegan. Izurdearen arrantza debekatuta dago, babestutako espeziea izanik.
Poltsak aurkitzerakoan, ontziko langileek horiek itsasora bota zituzten. Ikuskariek Ertzaintzaren laguntza eskatu behar izan zuen poltsak berreskuratzeko. Ertzaintzako urpekariek hiru poltsa atera zituzten itsas hondotik.
Izurde haragia zela egiaztatu ondoren, babestutako faunaren aurkako delitua egotzi zieten ontziko langileei. Segurtaun Sailak azaldu duenez, frogak EHUko Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentrora eramango dituzte ikerketarako.