Psikoestimulazio tailerra eskainiko dute Bermeon
"Dementziaren galera prozesua geldotzea" helburu duen tailerra martitzen eta eguenetan egingo dute.
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuak dementzia fase arinean dauden pertsonei zuzendutako psikoestimulazio tailerrak eskainiko dituela iragarri du.
Hala, tailerraren helburua “dementziaren galera prozesua geldotzea” dela azaldu dute ekimenaren arduradunek. Tailerra Erreten Lamerako lokalean egingo dute, martitzen eta eguenetan. Parte hartzea doakoa izango dela argitu dute, baina aurretik izena ematea derrigorrezkoa da. Interesatuek GOUPera jo beharko dute.
Laguntza psikologikoa. Tailerrekin batera, mendekotasuna duten pertsonen familiako zaintzaileei zuzendutako laguntza psikologikoa eskaintzen dutela gogoratu dute. Izan ere, zaintzaile lanetan aritzen diren pertsonek “askotan antsietatea, depresioa edota gainkarga” sufritzen dute, eta horren aurrean laguntza eskaini nahi dute.
Laguntza psikologiko horri esker, “sintoma horiek sufritzen dituzten familiar zaintzaileetan horiek gutxitzea eta ez dutenei saihesten laguntzea” bilatuko dute. Laguntza horiek jasotzeko, mendekotasuna duten pertsonen familia zaintzailea izatea da GOUPak jarritako baldintza bakarra.
Dohainik da eta interesa dutenek GOUPan eman behar dute izena.