Itsasora jaurtitzen den "plastiko mordoa" salatzeko dragoia jarri du Greenpeacek Gaztelugatxen
Ekimenagaz 'Plastiko madarikatu' izeneko kanpaina abian jarri dute.
Argazkia: Greenpeace. Game of Thrones telesailaren denboraldi berria hastera doala aprobetxatuz, telesaileko leku ezagunenetakoa bilakatu den Gaztelugatxera joan da Greenpeace erakunde ekologista.
Bertan, 4 metrotik gorako altuera duen dragoi erraldoia ezarri dute. Bere ahotik sua bota beharrean, plastikoa botaka ikus daiteke dragoia. Ekimen horrekin ekologistek Plastiko madarikatua izeneko kanpaina berri bati hasiera eman diote. Kanpainagaz marka handiek, supermerkatuek eta beste enpresa mota batzuek “erabiltzen duten plastiko madarikatua alde batera uzteko” eskakizuna egin du Greenpeacek.
Telesailari keinu eginez, plastikoa badator leloa zuten kartelekin batu ziren atzo aktibistak. “Erabilpen bakarra duten plastikoen azken denboraldia izatea nahi dugu, eta plastikoen bidezko poluzioa behin betiko geratzea”, adierazi zuten. Taldeko kideek diotenez, “baten erabili eta botatzeko bizimodua nagusi da mundu osoan”.
350 milioi tona. Greenpeacek egindako ikerketen arabera, plastikoen produkzioa 350 milioi tonatara iritsiko da 2020. urtean. 1980 sortutako plastikoekin alderatuz, produkzioak %900eko gorakada izango duela nabarmendu dute, eta plastikoen kantitate handiena “erabilpen bakarreko produktuak sortzen dituzten enpresetatik” datozela diote.
Halere, erosketak egiterakoan plastikoen hondakinak ez sortzeak “ia ezinezkoa” ematen badu ere, marka eta enpresa handiek plastikoa erabiltzeari uko egiten badiote errealitate hori aldatzea posiblea dela diote.
Bermeoko Udalak kanpainagaz bat egin du. “Sormen handiko sentsibilizazio kanpaina” horrekin, Greenpeaceko kideek “aldarrikapen garrantzitsua” egin dute ekimen horrekin, eta”plastikoek itsasoan eta gure ingurumenean sortzen dituzten kalteez ohartarazteko” balioko duela uste du.
Greenpeacen kanpaina ez da Gaztelugatxen ingurumenaren alde egindako lehen ekimena. Izan ere, udalak Gaztelugatxe eta ingurumena zaintzeko ekimenak prestatzen ditu, urtero kostaldea garbitzeko auzolanak eginez.