Enpresa eta ekintzaileentzako hiru aholkularitza ikastaro emango ditu Lanbide Ekimenek
Lanbidek eta SPRI taldeak enpresa eta ekintzaileek beharrezkoak dituzten tresnak ezagutaraziko dituzte hiru ikastaroetan.
Lanbide Ekimenek aurrez aurreko hiru ikastaro antolatu ditu SPRI taldeagaz batera. Ikastarook doakoak izango dira, eta langile autonomoei, ekintzaileei eta PYMES delakoei zuzenduta daude.
Ikastaroen helburua jakina da: Enpresa eta ekintzaileek beharrezkoak dituzten tresnak ezagutaraztea, “lehenengo egunetik martxan jartzeko”.
Digitalean lan egin nahi duen enpresa optimizatua lortzeko ikastaroa izango da lehenengoa martxoaren 12an; kudeaketa optimizatuari emango diote garrantzia lehenengo saio horretan. Bigarrenean, berriz, mugikorren bitartez negozio eraginkorragoa zelan lor daitekeen ikusiko dute; martxoaren 27an egingo dute. Internet bidezko sustapen eraginkorrari buruzkoa izango da hirugarren eta azken saioa; apirilaren 2an landuko dute hori.
Izen-ematea. Ikastaroak Lanbide Ekimenak zentroan burutuko dira, 10.00etatik 14:00etara bitartean. Saioetan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako, 64 625 57 58 telefono zenbakira deitu, Alhondiga 6. zenbakian dagoen egoitzara hurbildu edota akortazar@lanbide-ekimenak.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute izena eman nahi dutenek.
Halaber, proposatutako egun horietan egon ezin dutenek beste egun batzuk proposatzeko aukera izango dutela azaldu dute arduradunek. Horretarako, tokiko garapenerako agentziak proposamenak egiteko atala sortu du bere webgunean.